Gaueko ostalaritzako ordutegiak mugatuko ditu Eusko Jaurlaritzak

COVID-19 gaitzaz kutsatutakoen kopuruak gora egin du azken asteotan Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Horren jakitun, COVID-19aren jarraipen bazordea gaur bildu da Lehendakaritzan, eta zenbait neurri hartzea erabaki du. Neurri hauek aste honetan bertan jarriko dira indarrean, Nekane Murga Osasun Sailburuak arratsaldean emandako prentsaurrekoan iragarri duenez. "Birusa gure artean dago, eta ahaleginak biderkatu behar ditugu", nabarmendu du.

Hartuko diren neurri horietako batzuen berri ere eman zuen Murgak. Hala, ostalaritzari dagokionez, gauean lan egiten duten establezimenduen ordutegiak mugatuko dira. Taberna eta diskotekek 01:30erako itxi beharko dituzte ateak, eta ezingo dute goizaldeko 06:00ak baino lehen ireki. Aforoa %60koa izango da gehienez. Diskoteken kasuan, ezingo da pistan dantzarik egin, eta mahaiak jarri beharko dituzte. “Modu horretan, denbora gutxiago igaroko dute lokal hauetan, eta kutsatzeko arriskua txikiagoa izango da”, azaldu du sailburuak.

Ostalaritzarekin lotuta baita ere, gauerdiko 12:00etatik aurrera terrazetan eserita bakarrik kontsumitu ahal izango da, eta ezingo da hamar lagunetik gorako talderik sortu. Mahaien arteko metro eta erdiko distantzia ere bermatu beharko da.

Hilbeiletan eta hiletetan ere izango dute eragina jarraipen batzordearen neurriek. Gehienez 60 pertsona bildu ahal izango dira hilbeiletan zein hiletetan. Aforoaren %60 bakarrik baimenduko da espazio itxietan.

Maskarari dagokionez, erabilera derrigorrezkoa dela gogoratu du, baina lan esparruan bere erabilera arintzeko aukerak azaldu ditu. “Langileak eserita badaude ez da beharrezkoa izango maskara jantzita eramatea; espazio komunetan, korridoreetan edo bileren kasuan, berriz, bai”.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 36 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!