Herritar batek eman du positibo PCR proban azken orduetan Orion

Onintza Lete Arrieta 2020ko uzt. 29a, 14:09

Aian ez da kasu positiborik atzeman. Orion, aurreko asteazkenetik guztira lau positibo zenbatu ditu Osasun Sailak. Urola Kostari dagokionez, Zarautzen egon da beste behin kutsatu gehien, azken orduetan bost lagunek eman baitute positibo, eta astebetean, berriz, 24k. Getarian ere bi positibo egon dira azken orduetan.

Osasun Sailak emandako datuen arabera, azken orduetan Orion PCR proban positibo bat atzeman da; Aian, berriz, ez da egon kasu berririk. Aurreko asteazkenetik laugarren positiboa da Orion azken orduetako hori kontuan hartuta.

Eskualdeari dagokionez, Zarautzen jar daiteke azpimarra, han zazpi egun jarraian agertu baitira positiboak koronabirusaren PCR probetan, eta kopuru orokorrak goraka doaz tantaka-tantaka: lau izan ziren aurreko asteazkenean (uztailak 22), beste lau ostegunean, bat ostiralean, hiruna larunbatean eta igandean, lau astelehenean, eta bost atzo. 24 positibo, astebetean.

Getarian ere bi positibo berri atzeman dira azken orduetan, eta astebetean bost izan dira kasuak.

Ia 5.000 PCR proba

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan denera 4.849 PCR proba egin dituzte azken orduetan, eta horietatik 121 lagunek eman dute positibo. Bizkaian atzeman dira kasu berri gehienak: 62. Gipuzkoan ere Araban baino askoz gehiago egon dira: 46. Hamahiru kasu egon dira, izan ere, Araban.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!