Herriko Plazako eta Aritzaga kaleko lanak Gabonetarako bukatzea aurreikusten du Udalak

IƱigo Gaiton Glez. de Txabarri 2020ko abu. 1a, 11:00

Herriko Plazako eta inguruko lanak zertan diren azaldu du Udalak, argitara emandako oharraren bidez.

Orioko Udalak 2019ko irailean hasi zituen Herriko Plazako obrak. Hasiera batean, lanak aurtengo San Pedro jaietarako amaitzea aurreikusten zen. Koronabirusaren krisiak, ordea, atzerapenak eragin ditu: alde batetik, lanak geratuta egon dira bolada batzuetan eta, bestetik, arazoak sortu dira materialaren horniduran.

Koronabirusak eragindako atzerapenak kontuan hartuta ere, Udalak aurreikusten zuen lanak guztiz bukatu zitezkeela irailaren erdirako, baina hori ere ez da posible izango, arazoak egon direlako lurzoruko harlauzen hornidurarekin.

Lurzoruko harria basaltozkoa izatea aukeratu zen eta obra egiten ari den Aritzaga ABEEk (Aldi Baterako Enpresa-Elkartea, Altuna y Uria eta Viuda de Sanz enpresek osatutakoa) material hori Txinatik ekarri zuen. Materiala atzerapenarekin iritsi zen eta, gainera, behin jartzen hasita, egoera ezegokian zegoela ikusi du Udalak. Hori dela eta, Udalak, irizpide teknikoak erabiliz, atzera bota du material hori eta lurzorurako harlauza berriak ekartzea eskatu du.

Momentu honetan, aztertzen ari dira lurzorurako zein alternatiba izan daitekeen egokiena eta, behin aukeratutakoan, ahalik eta azkarren eskuratu eta jarriko dute. Kontuan hartuta harlauzen instalazioa bizpahiru hilabete luzatu daitekeela, Udalak adierazi duenez, ahalegina egingo du lan guztiak Gabonetarako bukatzen.

Gainontzean, obra nahiko osatuta dago eta Udalak ahalegin berezia egin du plaza ingurua erabilgarri egon dadin, nahiz eta lurzorua bukatu gabe egon. Falta diren lan txikiak (lurpeko edukiontziak jartzea eta zenbait erremate) datozen asteotan bukatuko dituzte.

Eremuan kontuz ibiltzeko deia

Atzo kendu zituzten plazako kioskoaren bueltako hesiak eta ingurua libre geratu da erabiltzeko, nahiz eta Udalak gogorarazi nahi dien herritarrei eremu hori obra-eremua dela oraindik eta, beraz, obrak guztiz bukatu arte, kontu handiz ibili behar dela hor, estropezuak eta erorikoak ez gertatzeko.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!