III. Euskal Pentatloi Saria jokatuko da Azpeitian irailaren 5ean

Anartz Izagirre 2020ko abu. 25a, 10:47

Hamasei kirolarik parte hartuko dute Zezen Plazan egingo den kirol proban; tartean izango dira Aizperro eta Izeta VI.

Hitzordu garrantzitsua izango dute hainbat kirolarik datorren irailaren 5ean, larunbata, Azpeitiko Zezen Plazan. Izan ere, han jokatuko da III. Euskal Pentatloi Saria, 18:00etan hasita. Guztira, hamasei kirolari arituko dira nor baino nor gehiago lehian, eta bost proba egin beharko dituzte. Alde batetik, 100 kiloko bolari hamar jasoaldi egin beharko dizkiote; giza-proban plaza bat egin beharko dute; aizkoran, 54 eta 45 hontzako egur bana moztu beharko dute; txingekin hiru plaza egin beharko dituzte, eta korrikan, berriz, kilometro bat.

Joxean Olaskoaga Aizperro eta Andoni Izeta VI lehian izango dira, eskualdeko beste hainbat kirolarirekin batera: Kepa Peñagarikano azpeitiarra, Jagoba Otaegi eta Luis Txapartegi aizarnarrak eta Xabier Arria V errezildarra. Horiez gain, beste kirolari hauek arituko dira lehian: Beñat Amade, Ousmane Drame, Iñaki Errazkin, Aratz Mugerza, Jon Zelai V, Daniel España, Julen Kañamares, Julen Gabirondo, Unai Ardeo eta Xabier Zaldua iazko irabazlea.

I. Binakako Euskal Pentatloia ere jokatu zen joan zen uztailean, eta Izeta VI. eta Arria V.a izan ziren irabazleak.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!