300 kazetarik baino gehiagok sailburu eta arduradun euskaldunak izendatzako eskatu diote Eusko Jaurlaritzari

Anartz Izagirre 2020ko abu. 27a, 15:45

 Urolako Komunikazio Taldeko hainbat kazetarik ere izenpetu dute manifestua. Euskal Herri osoko hainbat komunikabidetako kazetariek sinatu dute euskaraz hitz egingo duen Jaurlaritzaren aldeko manifestua, eta gaur, osteguna, aurkeztu dute Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean.

Euskaraz lan egin eta informatu ahal izateko, euskaraz jakingo duen Eusko Jaurlaritza eskatu dute 300 kazetarik baino gehiagok. Gaur, osteguna, aurkeztu dute manifestua Martxelo Otamendi Berriako zuzendariak eta Maite Artola Euskadi Irratiko esatariak, eta Euskal Herriko hainbat komunikabidetako kazetarik sinatu dute manifestua; besteak beste, Urolako Komunikazio Taldeko kazetariek.

Aurkezpenean adirazi dutenez, "ez dira aski" euskarazko adierazpen irakurriak, ezta "ardura gutxiagoko ordezkarien euskarazko bozeramailetza behartuak" ere. Ildo horretatik, euskal kazetaritza profesionalari eta herritarrei euskaraz hitz egingo duen Eusko Jaurlaritza "zor" zaiela azaldu du Artolak. Manifestuan agertzen denez, "berdintasun defizit bat zuzentzea" da eskakizun horren helburua, eta bertan nabarmentzen da erakunde publikoek "erantzukizuna" dutela euskararen normalizazioan.

Era berean, manifestuan azaltzen da "une historikoak" bizitzen ari dela gizartea eta "inoiz baino beharrezkoagoa" dela komunikabideetako profesionalen lana. Hori dela eta, funtzio hori betetzeko kazetariak "notiziaren sorburura" joan behar izaten duela agertzen da manifestuan, kazetariaren betebeharra dela galderak egitea, eta arduradun politikoen erantzukizuna dela galdera horiei bi hizkuntza ofizialetan erantzutea.

Berria egunkariaren atarian irakur daitezke manifestua eta sinatzaileen izenak.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!