210 koronabirus kasu atzeman dituzte Gipuzkoan azken orduetan

Anartz Izagirre 2020ko abu. 29a, 14:13

Osasun krisia hasi zenetik, Hego Euskal Herrian izan den kopururik altuena da azken orduetakoa: 1.027 kasu berri detektatu dituzte. Asteburua izanik, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ez du herriz herriko daturik eman.

Koronabirus kasuek oraindik ere ez dute goia jo Hego Euskal Herrian; izan ere, azken 24 orduetan 1.027 kasu berri zenbatu dituzte lau lurralde horietan, orain arteko zifrarik altuena —herengun ere kasu kopuru berbera zenbatu zuten—. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren arabera, Bizkaian izan dira kasu gehien, 539; Gipuzkoan, berriz, 210 kasu hauteman dituzte, eta Araban, 112. Horrez gain, hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren bost pertsonak eman dute positibo PCR probetan. Nafarroako Osasun Publikorako Institutuak ere datu kezkagarriak helarazi ditu, 161 kasu berri izan baitira lurralde horretan azken orduetan.

Hego Euskal Herrian, guztira, 12.035 PCR proba egin zituzten atzo; Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 10.004, eta Nafarroan, 2.031. Bestalde, koronabirusagatik 53 pertsona ospitaleratu zituzten lau lurralde horietako erietxeetan. Asteburua izanik, Osakidetzak ez du herriz herriko daturik eman, eta astelehenean jakinaraziko dute ostiraletik igandera bitartean herriz herri zenbat kasu berri izan diren.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!