Mintzalagun programan parte hartzeko deia egin dute

Dorleta Agiriano Lai 2020ko ira. 30a, 14:21

Astean behin elkartzen dira "bidelariak" eta "bidelagunak", ordubetez euskaraz hitz egiteko. Iaz hamar urte bete zituen Orioko Mintzalagun taldeak.

Euskara ikasten ari direnek hizkuntza praktikatzeko aukera izatea da Mintzalagun programaren helburua. Horretarako, euskara ikasleak eta euskaldun zaharrak jartzen ditu harremanetan: astean behin elkartzen dira "bidelariak" eta "bidelagunak" direlakoak, ordubetez, euskaraz egiteko.

Eskualdeko AEK-k, eskualdeko udalek, Zarauzko Udal Euskaltegiak eta UKUEk bideratzen dute programa Urola Kostan, eta hain zuzen, AEK da dinamizatzeko lanak egiten dituena. 2009an jarri zuten martxan egitasmoa eskualde mailan, eta iaz bete zituen hamar urte Orioko euskaltegiko Mintzalagun taldeak ere. Dinamikan parte hartzen duten kideak omendu zituzten San Nikolas jaietan: txupina bota zuten San Nikolas Egunaren bezperan, festei hasiera emateko.

Izen-ematea zabalik

Ikasturte honetan ere egin dute Mintzalagun programan parte hartzeko deia. "Euskaraz egiteko bultzadatxo bat behar dutenei" eta "inguruan praktikatzeko inor ez dutenei" luzatu diete izena emateko gonbita, baita "euskaraz ondo egin" eta "praktikatu nahi dutenei laguntzeko" prest daudenei ere.

Posta elektroniko bidez (urolakosta@aek.eus), telefonoz (625 485 215) edo zuzenean Orioko euskaltegira jota eman daiteke izena.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!