Negozioak egoera berrira egokitzeko ekimena sortu du UKUEk

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2020ko urr. 1a, 12:37

Programaren helburua da "eskualdeko ekintzaile eta enpresari txikiei beren negozioaren gaineko hausnarketa egiten laguntzeko baliabide nahiz estrategiak eskaintzea, egungo egoerara behar bezala egokitzeko eta, batez ere, lehiakor izaten jarraitzeko".

COVID-19ak goitik behera aldatu du gizartea, eta horrek eragin zuzena izan du hainbat negozio eta sektoretan. Horregatik, egokitzea eta negozio ereduei buruzko hausnarketa sakona egitea ezinbestekoa dela uste du Urola Kostako Udal Elkarteak, etorkizuneko erronkei aurre egiteko; horretarako sortu du eskualdeko pertsona ekintzaile eta enpresari txikientzat diseinatutako egitasmoa.

UKUEtik azaldu dutenez, programaren helburua da "eskualdeko ekintzaile eta enpresari txikiei beren negozioaren gaineko hausnarketa egiten laguntzeko baliabide nahiz estrategiak eskaintzea, egungo egoerara behar bezala egokitzeko eta, batez ere, lehiakor izaten jarraitzeko".

Negozioaren bide orria
Lan dinamikak bi atal izango ditu. Lehenik eta behin, parte hartzaile guztiei bideratutako tailerra egingo dute urriaren 8an. Online izango da saioa, 10:00etatik 12:00etara.

Taldeko prestakuntzaren ondoren, bakarkako lanketari ekingo diote, eta negozio bakoitzari egokitutako bide orria diseinatuko dute. Aditu baten aholkularitza izango dute parte hartzaileek programan zehar.
Ekimenean parte hartu nahi dutenek aurrez izena eman behar dute galdetegia beteta. Galdetegia Urola Kostako Udal Elkartearen atari digitalean dago eskuragarri.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!