Orion eta Aian ez da positiborik izan azken orduetan

Julene Frantzesena 2020ko urr. 2a, 14:26

Azkoitian eta Zarautzen bina kasu zenbatu zituen atzo Osasun Sailak, eta Zestoan bat. Azpeitian hamahiru kasu detektatu badituzte ere, 100.000 biztanleko azken astebeteko positiboen kopuru metatua ez da askorik igo. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan gora egin du positiboen kopuruak: 418 kasu atzeman zituzten atzo. PCR proba egin zuten herritarren %5,2k eman zuen positibo.

Urola Kostan beste hemezortzi lagunek eman zuten positibo atzo, osteguna, gauzatutako PCR probetan. Kasu gehienak, nabarmen, Azpeitian atzeman dituzte: hamahiru. Dena den, 100.000 biztanleko azken astebeteko positiboen kopuru metatua ez da askorik igo: 185,98 da. Azken zazpi egunetan, guztira, 28 kasu atzeman dituzte Azpeitian.

Azkoitian nabarmen egin du behera positiboen zenbatekoak. Izan ere, herenegun baino hamar kasu gutxiago, bi, atzeman zituen Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak atzo. 100.000 biztanleko azken zazpi egunetako positiboen kopuru metatuaren –36 kasu– tasak altua izaten segitzen du gaur-gaurkoz Azkoitian: 300,28. Zarautzen ere bi kasu zenbatu zituzten atzo –24 azken zazpi egunetan–, eta bat Zestoan –hamar azken zazpi egunetan–.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan gora egin du positiboen kopuruak: 418 kasu positibo detektatu zituzten atzo, eta 385 herenegun. Egindako PCR proben kopuruan ere bada alderik, ordea: atzo 7.946 proba gauzatu zituen Osakidetzak atzo, eta 10.969 herenegun. Atzo egindako probetan herritarren %5,2k eman zuen positibo. Herenegun, berriz, proba egin zuten herritarren %3,5ek.

Bizkaian 186 positibo zenbatu zituzten atzokoan, Gipuzkoan 142 eta Araban 70. dGainera, hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren beste hogei lagunek ere eman zuten positibo PCR probetan. Atzo, 36 lagun ospitaleratu zituzten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ospitaleetan, eta gaur egun, koronabirusa tarteko, 244 lagun daude erietxeetan; astearen hasieran baino 29 pertsona gutxiago. Bestalde, ZIUn dauden lagunen kopurua mantendu egin da: 56 dira, guztira. Oinarrizko birsorkuntza tasa edo RO indizea ere mantendu egin da: 0,96 da.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!