Hamabi positibo berri atzeman dituzte Urola Kostan azken orduetan

Julene Frantzesena 2020ko urr. 6a, 14:26

Aian eta Orion ez dute koronabirus kasurik atzeman azken 24 orduetan. Dena dela, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan atzo baino kasu positibo gehiago zenbatu ditu Osakidetzak, baina gauzatutako PCR proben kopurua ere altuagoa da.

Hamabi. Horixe izan da Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak atzo egindako PCR probetan Urola Kostan atzemandako positiboen kopurua. Horietatik erdiak Azpeitian zenbatu dituzte; hau da, sei positibo. Eta gainerakoak Zarautzen (4) eta Azkoitian (2). Eskualdeko gainerako herrietan ez da positiborik zenbatu. Gainera, badira azken zazpi eguentan positiborik atzeman ez duten herri batzuk, hala nola Aia eta Getaria.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan herenegun baino kasu positibo gehiago zenbatu zituen atzo Osakidetzak, baina gauzatutako PCR proben kopurua ere altuagoa izan zen. Hain zuzen ere, atzo 7.424 proba gauzatu zituen Osasun Sailak hiru lurralde horietan, herenegun baino 2.058 gehiago. Proba horietan 336 positibo atzeman zituzten atzo –272 herenegun–. Araban 52 positibo, Bizkaian 168 eta Gipuzkoan 112 zenbatu zituen atzo Osakidetzak. Gainera, hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren lau lagunek ere eman zuten positibo. Proba egin eta positibo eman dutenen ehunekoak herenegungoaren parekoa izaten jarraitzen du: %4,5. 

Atzo 33 pertsona ospitaleratu zituzten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta gaur egun, 240 lagun –herengun baino bost gutxiago– daude hiru lurralde horietako erietxeetan, koronabirusa tarteko. Horietatik 56 daude ZIUn –herenegun baino hiru gutxiago–. Oinarrizko birsorkuntza tasa edo RO indizea 0,95 da.

Nafarroan, bestalde, 272 kasu positibo zenbatu ditu Nafarroako Osasun Institutuak atzo egindako 2.089 PCR probetan; %13ak eman zuen positibo, beraz. Guztira 233 pertsona daude Nafarroako erietxeetan ospitaleratuta, horietatik 24 ZIUn. Atzo, astelehena, hamazazpi lagun ospitaleratu zituzten, horietatik inor ez ZIUn. Horrez gain, "birusarekin zerikusia" duten sei heriotza berri ere jakinarazi ditu Nafarroako Gobernuak.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!