Koronabirus kasu bat atzeman dute Orion azken orduetan

Aitziber Arzallus 2020ko urr. 15a, 14:57

Azpeitian beste zazpi positibo atzeman zituzten atzo, eta 71 izan dira azken astean herri horretan detektatu dituztenak. 10.000 biztanletik gorako Gipuzkoako herrien artean, Azpeitia eta Azkoitia dira 100.000 biztanleko hamalau eguneko tasarik altuena dutenak. Azpeitian gaur eguerdian hasi dira asintomatikoak atzemateko baheketa selektiboa egiten. 

Atzo eskualdean beste hogei positibo zenbatu zituela jakinarazi berri du Osasun Sailak, koronabirusaren bilakaeraren inguruan egunero argitaratzen duen txostenean. Eta kasuen ia erdiak, bederatzi hain zuzen, Zumaian detektatu zituen. Igoera esanguratsua da, azken egunetan positibo gutxi atzematen ari baitziren herri horretan: asteartean kasu bakarra izan zen eta astelehenean bat bera ere ez. Azken astean 23 positibo zenbatu dituzte han, eta 100.000 biztanleko hamalau eguneko tasa 305,34 da.

Hala ere, atzo atzemandako positibo berrien kopurua Zumaiakoa txikiagoa izanagatik, egoera okerragoa dute Azpeitian eta Azkoitian. Hain zuzen ere, bi horiek dira 10.000 biztanletik gorako Gipuzkoako herrien artean hamalau eguneko tasarik altuena dutenak. Azpeitian beste zazpi kasu atzeman zituzten atzo, 71 izan dira azken astean zenbatu dituenak, eta 850,22 da 100.000 biztanleko hamalau eguneko tasa. Koronabirusa hedatzea saihesteko eta asintomatikoak atzemateko neurri gisa, gaur eguerdian hasi dira herri horretan baheketa selektiboa egiten. 17 eta 40 urte arteko 3.759 herritar daude proba egitera deituta, herritarren laurdena hain zuzen; ikusi egin behar horietatik zenbatek erabakitzen duten borondatezko proba egitea.

Azkoitian, berriz, positibo bakarra detektatu zuten atzo, eta 66 izan dira azken astean zenbatu dituztenak. 100.000 biztanleko hamalau eguneko tasa 934,19 da herri horretan, 10.000 biztanletik gorako Gipuzkoako herrietan altuena.

Zumaia, Azpeitia eta Azkoitiakoez gain, beste hiru positibo atzeman zituzten atzo eskualdean: bi Zarautzen eta bat Orion.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan nabarmen egin du gora positiboen kopuruak. 10.890 PCR gauzatu zituen atzo Osakidetzak, eta proba horietan 679 lagunek eman zuten positibo; proba egin zuten herritarren %6,2k, alegia. Herenegundik igo egin da ehuneko hori; izan ere, orduan PCRa egin zuten herritarren %5,5ek eman zuten positibo. Positibo kopuru altuena Gipuzkoan atzeman zuten: 303. Bizkaian, berriz, 291 detektatu zituzten, eta 77 Araban.

Atzokoan 35 lagun ospitaleratu zituzten hiru lurralde horietako ospitaleetan, herenegun baino bi gehiago. Orotara, 273 lagun daude erietxeetan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; herenegun baino hamar gehiago. ZIUn, berriz, 51 lagun daude; herengun baino bat gehiago.

Nafarroako datuak oraindik ez dituzte eguneratu.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!