"Onena opa dizut", elkarri esanez, adiorik ez

Aitor Manterola-Berria 2020ko urr. 27a, 11:47

Gorka Aranberri eta Jon Salsamendi. Toleta eta estropua. Ura eta arrauna. Patroia eta entrenatzailea. Bat gehi bat, bi eta erdi. Zortzi urtez eta zortzi denboraldiz garaipenik handienak lortu ondoren, banatu egingo da bien kirol harremana, Aranberri Santurtzira doalako; ez, ordea, harreman pertsonala. Biak elkartu eta ondoko erreportajea osatu du 'Berria' egunkariko Aitor Manterola kazetariak.

Txanpon beraren bi alderdi izan dira 2012ko udazkenetik 2020ko udazkena arte. Bermeotik Oriora landatu dute Gorka Aranberrik (Zarautz, Gipuzkoa, 1987) eta Jon Salsamendik (Orio, Gipuzkoa, 1970) bien arteko harremana. Kirol arlokoa bat; pertsonala bestea. Urdaibaik batu zituen, Orian barrena eutsi diote batasun horri, eta, Aranberrik Santurtzira joateko hautuak kirol erlazioa eten badu ere, bestea, balio duena, geratzen dena, pertsonen arteko lotura hori, ez da hautsi. «Onena opa dizut», esan diote elkarri.

Zortzi urteko batasunean, zortzi denboraldiko elkarlanean, garaipen sorta ikusgarria lortu dute: Urdaibain, erlazio osoaren erdia bete zuten, eta hiru bider jarraian irabazi zuten Kontxako Bandera (2014tik 2016ra), eta behin Traineruen Kluben Elkarteko liga (2016). Orion, beste lau urtetan, Kontxa irabazi zuten 2017an, eta liga nagusia iaz.

Harreman horren bukaerak bere hasiera dauka. 2012an, Salsamendik bazuen Aranberriren berri, nola ez; sekula elkarrekin arraunean aritu ez baziren ere. Ordura arte, kirolak elkarren kontrario bihurtu zituen. Baina garai hartan, Aranberri hasia zen patroi apartekoaren ospea bereganatzen. Bakana zela esaten zuen Zarautzen entrenatzaile izan zuen Enrique Lopezek: «Arrauneko Leo Messi da». Salsamendik bazuen harremana Lopezekin, eta entzunak eta irakurriak zituen Messi eta Aranberri alderatzeko hitzak. «Urdaibaik deitu zidanean entrenatzaile izateko, Gorka han zebilen, bi urte lehenago joan zelako. Kike Lopezek kontatzen zizkidan haren abilezien eta trebezien berri», ekarri du gogora Salsamendik, Aranberriri keinua eginez. «Eginak neuzkan nire aurreikuspenak Gorkari buruz, baina denak gainditu zizkidan Bermeon elkarrekin hasi bezain pronto».

Patroiak ere bazuen entrenatzailearen berri, orduan Salsamendik ez bazuen ere orain duen ospea: «Astilleron zebilen entrenatzaile, eta 2011ko Kontxan, oso maila onean ibili zen talde hori. Bestelakoan, banuen Jonen arraunlari ibilbide handiaren eta luzearen berri». Zortzi urte pasatu dira ordutik, eta Aranberrik honela definitu du Salsamendi: «Punta-puntako entrenatzailea da. Psikologo lana egiten aparta da, eta, horrez gain, balio hau nabarmendu nahiko nioke: zer ondo dakien egokitzen unean unean daukan taldera. Urdaibain, urtetik urtera arraunkera aldatzen zuen, eta Orion, gauza bera egin du. Hori lortzea ez dago entrenatzaile askoren esku».

Bermeoko lau urteko egonaldia gehiago izan zen joan-etorria. «Urtero 40.000 kilometro egiten nituen atzera-aurrera», kontatu du Salsamendik. Hainbat bizipen bizitakoak dira elkarrekin: «Aurreneko urte hartan, autoan elkarrekin joaten ginen batzuetan», adierazi dute biek. Baina ez omen dute hitz askoko harremana izan urte hauetan guztietan: «Hitz gutxiko eta konfiantza handiko harremana izan dugu. Aita eta seme batzuena bezalakoa, edo anai zaharraren eta gaztearen artekoa bezalakoa». Berretsi egin du hori dena Aranberrik, haren paretik. Adibide jakin bati heldu dio entrenatzaileak: «Traineruan zerbait ondo joan ez denean, Bermeon edo Orion, elkarri aurpegira begiratzea nahikoa izan dugu biok jabetzeko akatsa zein zen».

Miresmena diote elkarri. Aranberrik honegatik, besteak beste: «Irabazi ditudan bandera eta estropada handienak Jonekin irabazi ditut, ia denak». Salsamendik honegatik: «Patroitzako lanean sekulako lasaitasuna eman dit. Bere esku utzi dudan arlo bat izan da, batere erreparorik gabe». Gogora ekarri du Bermeon arraunlariek esaten ziotena patroiari buruz: «Nik neuk Gorkaren lanarekiko ikusten nuena eta sentitzen nuena arraunlariek berresten zidaten. Gorkaren aurrean aurpegian zabaltzen zitzaien distira oso argigarria zen». Orion, beste horrenbeste: «Bermeora joan nintzenean, bera han zen. Baina Orion, ez. Orioko arraunlariek ez zuten ezagutzen, baina besoak zabalik hartu zuten, bazekitelako ez dela edozein. Nik banekien zertarako gai zen, baina arraunlariek ez».

Erreportajea osorik irakurtzeko, egin klik hemen.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!