Orion zazpi positibo atzeman dituzte asteburuan, eta Aian bost

Onintza Lete Arrieta 2020ko aza. 2a, 13:39

Urola Kosta eskualdean denera 171 kasu positibo atzeman dituzte hiru egunetan.

Osasun Sailak eman berri ditu ostiraleko, larunbateko eta igandeko PCR eta antigeno proben datuak. Urola Kosta eskualdean denera 171 kasu positibo atzeman dituzte hiru egunetan: zazpi Orion eta bost Aian. Kasurik gehienak Zarautzen atzeman dira, 52, eta hala, gainditu egin du 100.000 biztanleko 500 positiboren tasaren langa. Tasa altuena, alde handiarekin, ordea, Zumaiak dauka oraindik. 36 positibo egon dira asteburuan, eta intzidentzia 1.954,20koa da.

Azpeitian 31 COVID-19 kasu berri egon dira hiru egunetan, eta 20 positibo egon dira guztira Azkoitian. Hala, gorriz margotuta jarraitzen dute bi herri horiek, eta baita Zumaiak eta Zarautzek ere.

Eskualdeko gainerako herriei dagokieenz, Getarian 9 positibo atzeman ditu Osakidetzak asteburuan, Aizarnazabalen 3, Errezilen 2 eta Zestoan 6. Beizaman ez dute oraindik koronabirus kasurik atzeman.

Hego Euskal Herriko atzoko datuak ere jakinarazi dituzte, eta horietan, berriz, ikus daiteke Gipuzkoan behera egin duela koronabirusak: 368 positibo atzo, eta larunbatean, berriz, 587. Bestalde, Araban 64 kasu berri atzeman zituzten atzo eta Bizkaian 520; hiru lurraldeak batuta 952 kasu berri agertu ziren 12.452 test eginda, eta beraz, beheranzko joera egon da azken orduetan. Izan ere, larunbatean 1.151 kasu atzeman zituzten hiru lurralde horietan. Nafarroan 525 kasu berri zenbatu zituzten atzo, Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera. Larunbatean 580 kasu atzeman zituzten, eta egoerak oso larria izaten jarraitzen du lurralde horretan.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!