Botoa eman daiteke Tokikomeko Komunitatea sarian

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2020ko aza. 3a, 09:53

KARKARAk Najat Kaanacheri egindako elkarrizketa Tokikom Sarietako finalisten artean dago. Hala, aurten, publikoak lanik gustukoena aukeratu dezakete finalisten artean, eta boto gehien biltzen dituenak Komunitatea saria jasoko du. Botoa eman daiteke Tokikomen webgunean.

Bosgarren urtez jarraian, Tokikom Sariak emango diru aurten ere Tokikomek, toki komunikabideetan egiten den eta sarritan ezkutuan geratzen den kazetaritza lan aparta aldarrikatu eta gizarteratzeko asmoz. KARKARA finalisten artean izango da bigarrengoz, aldizkarian argitara emandako elkarrizketa batekin. Intza Unanue kazetariak Najaat Kaanache elkarrizketatu zuen KARKARAren 411.zenbakian, eta ‘Eduki onena’ saileko lan onenen artean aukeratu dute. Antolakuntzak adierazi duenez, “Karkarak elkarrizketa borobila egin dio gure artean oso ezaguna ez bada ere, mundu mailan lehen lerroan diharduen sukaldari honi. Elkarrizketa bikaina da, pasadizo gogor samarrak kontatzen baditu ere, tono altu eta itxaropentsuan hasi eta bukatuz. Epaimahaiak goraipatu du elkarrizketatzailearen lana, hala pertsonajea aukeratzeko orduan, nola elkarrizketa osoan txinparta ateratzeko"

Aurten, gainera, sari berri bat ere izango da: Komunitatearen saria. Epaimahaiak proposatutako bederatzi finalistaren artean, publikoaren bozka gehien jasotzen dituen lanak eramango du sari hori. Tokikometik gonbidapena zabaldu dute euskarazko komunikabideen irakurle, ikus-entzule eta erabiltzaile guztiei bozketan parte hartzeko. Bederatzi lan finalistak zeintzuk diren, Tokikomen zein bere sareko komunikabideen webguneetan ikus daiteke. Bozketa egiteko aukera ere webgune horretan izango da zabalik azaroaren 8ra arte.

Urolako Komunikazio Taldeko —UKT— hedabide gehiago finalisten artean

KARKARAz gain, Urolako Komunikazio Taldeko beste bi hedabide ere finalisten artean dira. Maxixatzen ‘Azalik onena’ saria irabazteko hautagaietako bat da, maiatzeko aldizkarian argitara emandako azalarekin. “Argazkiak oso momentu zehatza harrapatzen du eta indar handiz jartzen du ikuslearen begien aurrean. Kontraesanez beteriko irudi bizia osatzen du: anabasa koloretsua, jendea etxean sartuta baina jai giroan… Argazkiaren konposizioak ere efektu hori areagotzen du, perspektibarekin egiten duen jolas bitxiarekin”, nabarmendu dute.

Bestalde, Baleikek eta Erlo Telebistak egindako ‘Marea errotaren arrastoaren bila’ erreportajea ikus-entzunezko lanen finalean sartu da: “Erreportaje bikain honek primeran jasotzen du herriko ondare historikoa. Lan handia sumatzen da pieza osatzeko orduan: dokumentazioa, artxibo lana, adituen parte hartzea… Osagai bikainekin borobildu dute ikus-entzunezkoa: droneko irudiak, elkarrizketak, ordenagailuz sortutako irudiak… lan-talde ederra zalantzarik gabe, emaitza azpimarragarria eman duena”.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!