Hiru positibo atzeman dituzte Orion azken orduetan, eta Aian bakarra

Juan Luis Romatet 2020ko aza. 3a, 14:20

Eskualdean beste 46 kasu positibo izan ziren atzo, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako datuen arabera. Azkoitiak igoera nabarmena izan du egun batetik bestera; Zumaian, berriz, beherantz egin. Zarautzek kopuru kezkagarriak ematen jarraitzen du. 

Pandemiaren bigarren olatu olatu honetan ez dago atsedenerako tarterik. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako datuen arabera, beste 46 kasu positibo zenbatu dituzte Urola Kosta eskualdean. Azkoitian asko igo dira kasuak egun batetik bestera; Zumaiak, aldiz, beherakada nabarmena izan du.

Hemezortzi kasu atzeman zituzten atzo Azkoitian, aurreko hiru egunetan zenbatutakoa adina –20 kasu izan zituzten ostiraletik igandera bitartean–. Urriaren 28ko datuetara joan behar da antzerako igoera bat aurkitzeko. Egun horretan 15 kasu positibo izan zituzten herrian. Datu hauen ondoren 100.000 biztanleko azken hamalau eguneko kasu metatuen kopurua 1.326,22 da.

Azpeitian, berriz, zortzi kasu positibo zenbatu zituzten atzo, bezperan baino bost gehiago, baina ostiralean atzemandako 24 kasuetatik urrun. Intzidentzia tasa 1.481,24 da une honetan.

Gorriz jantzita jarraitzen du Zumaiak, eta eskualdeko bigarren intzidentzia tasa handiena du, Errezilen atzetik, 1.923,66ko kopuruarekin. Hala ere, bi astez olatuaren aparrean egon ondoren, eta pasa den astean baheketa selektiboa izan ondoren, badirudi atsedenaldi bat dutela. Izan ere, bi kasu besterik ez zituzten atzo atzeman Zumaian, asteburuan izandako 36 kasuetatik urruti.

Zarautzen berriro gora egin du positiboen kopuruak; beste hamar kasu zenbatu zituzten atzo (93 kasu dira azken zazpi egunetan), eta semaforo gorria piztu da berriro herrian. Kasu metatuen tasa 500dik gora dago berriro –635,17 atzo.

Eskualdeko beste lau herritan ere positiboak atzeman zituzten atzo: hiruna Zestoan eta Orion, eta bana Aian eta Aizarnazabalen; Beizaman, Errezilen eta Getarian, aldiz, ez zen kasurik izan.

Hego Euskal Herrian ere gorantz jarraitzen du kasu positiboen zenbaketak. 1.525 kasu positibo atzeman zituzten atzo.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 11.886 proba egin zituzten atzo, eta 1.120 positibo detektatu zituzten. Bizkaian izan zituzten kasu gehien, 506; Gipuzkoan 490 kasu izan ziren, eta Araban 113. Hiru lurraldeko datuak batuta, intzidentzia tasa 715,76koa da. 

Ospitaleratuei dagokionez, beste 73 lagun eraman zituzten hiru lurraldetako ospitaletara. ZIUn, gaur egun, 106 lagun daude. 

Nafarroan beste 525 kasu izan zituzten egindako 4.505 probetan. Tamalez, beste sei lagun hil ziren atzo Nafarroan birusaren eraginez. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!