Sei positibo detektatu dituzte Orion azken orduetan, eta Aian bat

Maria Maya Manterola 2020ko aza. 6a, 13:41

Azkoitian zenbatu dute kasu gehien, 21, hain zuzen ere. Zumaiak du intzidentzia tasa altuena, baina baheketa selektiboaz geroztik, behera egin du herri horretan zenbatutako kasu kopuruak.

Datu kezkagarriak eman ditu beste egun batez Osasun Sailak. Herenegun eskualdeko herrietan egindako PCR probetan 64 kasu gehiago zenbatu dituzte; hilaren hasierako datuekin alderatuta, zertxobait apaldu da kasu kopurua.

Azkoitian zenbatu dituzte kasu gehienak; guztira, 21. Aste honetan nabarmen hazi da herri horretako positiboen kopurua: astelehenaz geroztik, 75. Ondorioz, intzidentzia tasak nabarmen egin du gora Azkoitian, eta 1.500ekoa izatera heltzear da.

Okerrera egin du egoerak Zarautzen ere. Hilaren 2an gainditu zuen 100.000 biztanleko 500 positiboren langa, eta ordutik, asko hazi da positibo kopurua. Atzo 12 kasu zenbatu zituzten Zarautzen, eta 738,17koa da orain intzidentzia tasa.

Azpeitian ere igo egin da azken egunotan zenbatutako kasu kopurua. Atzo 14 kasu atzeman zituzten herri horretan, herenegun baino lau gehiago. Urriaren 29tik apaltzera egin du intzidentzia tasak Azpeitian, baina altua da oraindik ere: 1.368,32, hain zuzen ere.

Intzidentzia tasari erreparatuz, Zumaiak ditu datu okerrenak: 1.689,57koa da herri horretan. Hala ere, nabarmentzekoa da herri horretan baheketa selektiboa egin zutenetik egunez egun jaistera egin duela atzemandako kasu kopuruak, eta beraz, apurka bada ere, jaisten ari da intzidentzia tasa ere. Atzo bost kasu zenbatu zituzten Zumaian. 

Orion beste sei kasu hauteman dituzte, eta semaforo gorria piztu da dagoeneko herri horretan. Azken zazpi egunetan 29 kasu detektatu dituzte Orioko PCR probetan.

Aian, Aizarnazabalen, Errezilen eta Zestoan positibo bana zenbatu dute azken orduetan. Bi kasu izan dira, berriz, Getarian. Beraz, Beizaman ez ezik, beste herri guztietan atzeman dituzte kasuak. 

Hego Euskal Herrian, 1.892 kasu
Gipuzkoan 663 positibo izan ziren atzo, 690 Bizkaian, eta 175 Araban. Guztira, 14.937 proba egin zituzten hiru lurralde horietan, eta 1.277k eman zuten positibo –positibotasun tasa % 8,5ekoa da–. Erietxeetako egoerak nabarmen egin du okerrera Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan: atzo 74 lagun ospitaleratu zituzten, eta guztira, 463 dira ospitaleetan daudenak. Horietatik 111 lagun daude ZIUn. 

Nafarroako datuak ere eman ditu hango gobernuak. Herenegun 4.482 proba egin zituzten, eta horietatik 345 kasu zenbatu dituzte. Astelehenetik nabarmen moteldu da positiboen hazkundea, eta 400 kasutik behera zenbatu dituzte bi egunetan.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!