Udalak babesa adierazi dio herriko ostalaritza sektoreari

IƱigo Gaiton 2020ko aza. 6a, 16:44

Artxiboko irudia.

Bihar sartuko da indarrean tabernak eta jatetxeak ixteko agindua, eta Bakartxo Olidenek "erabateko elkartasuna" adierazi nahi izan die sektoreko negozioei. "Udaleko ateak irekita dituzue edozertarako", adierazi du Sektoreak, turismo eta merkataritza batzordeburuak. 

Bihartik aurrera, ateak itxi beharko dituzte Orioko ostalaritza sektoreko hogeita hemeretzi establezimenduek, Eusko Jaurlaritzak atzo iragarritako neurrien ondorioz. Itxita egongo dira herriko tabernak eta jatetxeak, eskariak etxera eramateko aukera izango duten arren.

Aurretik dituzten aste zailen aurrean, Orioko Udalak babesa adierazi nahi izan dio sektoreari. "Gure elkartasuna adierazi nahi diegu negozioen jabeei eta langileei, eta erabat ulertzen dugu haien haserrea", azaldu du Bakartxo Oliden Sektoreak, turismo eta merkataritza batzordeburuak.

Olidenen arabera, halako neurriak hartzen direnean laguntza eskaini behar izaten zaie establezimenduei, egoerari aurre egiteko bultzada bat, baina uste du "baliabideek beste toki batetik iritsi behar dutela", eta ez denak udaletik. "Izurritea hasi zenetik, udalak bere esku dagoen guztia egin du ostalaritza eta merkataritza sektoreari laguntzeko, behar izan diren erabaki guztiak hartuz, eta hala jarraituko dugu aurrerantzean ere", jakitera eman du batzordeburuak.

Hala, udaleko ateak "edozertarako" irekita dituztela gogorarazi die negozioen jabeei, eta beti izango dutela haien babesa.