Positibo kopuruak nabarmen egin du gora Orion: hemeretzi kasu atzeman dituzte asteburuan

Juan Luis Romatet 2020ko aza. 9a, 13:36

Goranzko joera hartu zuenetik, positibo kopuruak handitzen jarraitzen du Orion egunez egun, eta asteburuan hemeretzi kasu detektatu dituzte. Aian, berriz, bat ere ez. Eskualdeari dagokionez, 154 kasu zenbatu dituzte azken egunetan.

Pandemiaren olatuak ez du atsedenik hartzen. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ostiraletik igandera arteko datuen berri eman du. Orotara, positiboen kopuruak beherantz egin du Hego Euskal Herrian, baina datuek oraindik ere kezkagarriak izaten jarraitzen dute. Urola Kosta eskualdeari dagokionez, beste 154 kasu izan dira hiru egun hauetan. Eskualdea osatzen duten 11 herrietatik bederatzitan detektatu dituzte positiboak. Aian eta Beizaman bakarrik ez dituzte kasurik izan asteburu honetan.

Zarautzen zenbatu dituzte kasu gehien: 49 guztira (hogei ostiralean, bederatzi larunbatean eta beste hogei igandean). 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako kasu positibo metatuen tasa milatik behera jarraitzen du –836,87an dago gaur egun–, baina azken aste honetan gorantz egin du etengabe, eta argi gorriak piztuta daude. 

Azpeitian ere ez dute lasai egoteko arrazoirik, ostiraletik igandera bitartean beste 37 kasu ezagutu dituztelako; igandean bakarrik 22 kasu izan zituzten. Kasu metatuen tasa 1.222,19koa da asteburuko datu hauen ondoren. Azkoitian, berriz, beste hogei kasu atzeman dituzte asteburuan, eta intzidentzia tasa Azpeitikoaren antzerakoa da: 1.292,85ekoa, hain zuzen ere.

Kezkagarria da Orion asteburu honetan izandako positibo kopurua: hiru egun hauetan hemeretzi kasu detektatu dituzte herrian eta, ondorioz, kasu metatuen tasa milatik hurbil jarri da (940,44). Zumaian, berriz, beste hamabi kasu izan dira azken egunotan, eta 1.343,51rekin eskualdeko intzidentzia tasa handiena badu ere –Errezilen atzetik–, jaitsi egin da azken egunotan. Tasa hori bi milatik oso hurbil egon zen orain astebete eskas. 

Eskualdeko beste herri batzuetan ere izan dituzte positiboak. Getarian beste zazpi kasu izan dituzte ostiraletik igandera bitartean, sei Zestoan, hiru Errezilen eta bat Aizarnazabalen. Esan bezala, Aian eta Beizaman ez dute kasurik izan hiru egun horietan.

Kasuak behera Hego Euskal Herrian

Pasa den asteko zenbakiekin alderatuta, positiboen kopuruak beherantz doa Hego Euskal Herrian. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 3.867 kasu izan dira asteburuan. Ostiralean 1.444 positibo izan ziren, baina kopurua bi egun geroago 1.178ra jaitsi zen. Hiru egun hauetan 38.000tik gora PCR eta antigeno proba egin dira hiru lurralde hauetan. Datu hauen arabera, 508 pertsona zeuden atzo Osakidetzako ospitaletako plantan. Gora egiten jarraitzen duena ZIUn dauden pazienteen kopurua da: 130 lagun zeuden atzo ZIUn Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Nafarroako Foru Gobernuak ez du oraindik asteburuko datu ofizialik plazaratu, baina atzo 183 kasu positibo izan zirela aurreratu dute. Irailaren hasieratik izandako kopuru txikiena da. Beraz, badute Nafarroan arnasa hartzeko aukera.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!