Izurritea eta haurren ongizatea eztabaidagai

Iñigo Gaiton 2020ko aza. 11a, 08:43

‘Gure haurrak zainduz, hezkuntza eta osasuna’ jardunaldia egin zuten igandean, Arraunetxen.

‘Gure haurrak zainduz, hezkuntza eta osasuna’ jardunaldia egin zuten igandean Arrauntxen, herriko guraso talde batek antolatuta. Pandemiaren aurrean, eztabaidarako eta informazio trukaketarako guneen beharra azpimarratu zuten.  

Martxoan izurritea zabaldu zenetik gaurdaino, ziurgabetasuna gaitza bezainbeste hedatu da gizartean. Pandemiak beldur, zalantza, kezka eta galdera ugari sortu du, eta informazio uholdea etengabekoa izan arren, asko dira gizartea nahasmen eta inkomunikazio betean bizi dela salatu duten ahotsak. 

Aurreko udak aurrera egin ahala, osasun krisiak eragindako egonezina areagotuz joan zen Orioko guraso talde baten artean, eta elkartu egin ziren ezohiko ikasturteak ekar zezakeenaz hitz egiteko. Hala azaldu du Iñaki Zalduak, guraso taldeko kideak: “Osasun krisiaren larritasunaz jakitun izanik, zalantza handiak genituen umeek eskoletan izango zituzten baldintzen inguruan”. Hala, bilera informala egitea erabaki zuten, kezkak mahai gainean jartzeko eta iritziak elkarbanatzeko.  

Batetik, juntatuko guztiek ikusi zuten informatzeko premiazko beharra, eta bestetik, erabaki zuten “eragiten” ere saiatu behar zutela, haurren ongizatea erdigunean jartzeko eta hezkuntza komunitatean horren kontzientzia zabaltzeko. 

“Haurren osasunak osotasunean kezkatzen gaitu, bai alderdi fisikoan bai eta emozionalean ere, eta beharrezkoa ikusten dugu horren inguruko eztabaida egotea. Ikastetxeetan osasun neurri oso zorrotzak jarri dira, musukoaren erabilera kasu, eta horiek umeengan eragin ditzaketen kalteek eta albo-kalteek kezkatzen gaituzte”, azaldu du Zalduak.  

Bere iritziz, “ezohiko egoera honetan, hezkuntza komunitateak erabaki behar du hezkuntza prozesuan lehentasuna zeri eman, eta dekretuen baitan ikasturtea nola antolatu”. 

Lehen jardunaldiak
Igande arratsaldean egin zituen lehen jardunaldiak guraso taldeak, eta hiru hizlari izan ziren Arraunetxen: Juanjo Martinez medikua eta zirujaua, Nerea Mendizabal psikopedagogoa eta Aingeru Aramendi irakasle eta pedagogoa. 

Antolatzaileen iritziz, “mezu nahikoa uniformea” ari da zabaltzen izurritearen eta osasun krisiaren inguruan, eta hitzaldiarekin, horri “kontrapuntua” jartzen saiatu ziren. “Izurriteari aurre egiteko modu desberdinak erabili dira nazioartean, eta iruditzen zaigu hemen horretaz eztabaidatzeko guneak falta direla”, zehaztu du Zalduak.  

Oraindik balorazio lasaia egiteko astirik izan ez badute ere, “ondo” joan zen egitasmoa: “35 lagun inguru juntatu ginela kontutan hartuz, partaidetza ontzat jo dezakegu. Hala ere, aipatzekoa da, elkartutako ia gehienak emakumeak izan zirela. Oraindik ere, zoritxarrez, begi-bistakoa da nork hartzen duen ardura haurren zaintza kontuetan”.

Haurren emozioen garrantzia
Nerea Mendizabal izan zen hitza hartzen lehena. Haurren emozioak kontutan izatearen garrantzia nabarmendu zuen psikopedagogoak. Izurriteak helduengan ondorio psikologikoak izan dituela jakina den arren, horiek haurrengan ere ager daitezkeela azpimarratu zuen. 

Mendizabalen esanetan, ezohiko egoera honetan, beharrezkoa da aurtengo ikasturteko lehentasunak birplanteatzea. Nabarmendu zuenez, ikasleen arlo emozionala ez badago orekatuta, zailagoa izango da ikaskuntza prozesua behar bezala gauzatzea, eta horregatik, ezinbestekotzat jo zuen umeen emozio, beldur eta egonezinei erreparatzea. 

Juanjo Martinez medikuaren hitzartzeak musukoaren erabilera izan zuen ardatz. Haren esanetan, ebidentzia zientifikoek diote umeak transmisore oso txikiak direla, eta kutsatuz gero, gehienek modu arinean pasatzen dutela gaixotasuna. Osasunaren Mundu Erakundeari ere egin zion erreferentzia; OMEk ez du gomendatzen musukoaren erabilera hamabi urtetik beherako haurrengan, medikuak azaldu zuenez, eta Espainiako ikastetxeetan, 6 urtetik gorako denei ezarri zaie. Hala, musukoak eragin ditzakeen kalte eta albo-kalteak erdigunean jartzea eskatu zuen, maskararen erabileraren inguruko eztabaida hortik abiatzeko. 

Bukatzeko, Aingeru Aramendi pedagogoa komunitatea indartzearen premiaz aritu zen, izurriteari hobeto aurre egiteko. Ikastetxeetan eta zuzendaritzetan aspaldiko egoerarik beltzena dutela kontutan hartuz, iritzi desberdinei tokia egingo dien hezkuntza komunitatearen alde lan egitea aldarrikatu zuen, erabakiak denen artean hartu daitezen.  

Zalduaren esanetan, guraso taldeak lanean jarraituko du aurrera begira, eta oraingoz, astean behin elkartzeko konpromisoa hartu dute: “Mendizabal psikopedagogoak esan zuen modura, gizarteko neurririk zorrotzenak ikastetxeetan hartu dira, eta horri herri mailako erantzuna ematen saiatuko gara; azken finean, hezkuntza herriko norbanako eta eragile guztien zerbait dela ulertzen dugulako”.