Zazpi positibo berri atzeman dituzte Orion

Juan Luis Romatet 2020ko aza. 11a, 13:27

Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, Aian ez zuten kasu positiborik detektatu atzo. Eskualdean, berriz, 53 positibo berri atzeman dituzte.

Egun eta herri batzuetan gora, besteetan behera, baina uda garaitik ez da egunik izan positiborik gabe eskualdean. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eguerdian emandako datuen arabera beste 53 positibo zenbatu ditu eskualdean. Bezperako datuekin alderatuta positiboen jaitsiera nabarmena izan da Urola Kostan, baina gora egin du Orion kutsatu berriek kopuruak, zazpi kasu berri detektatu baitituzte - lau izan ziren herenegun-. Aian, berriz, ez zuten bat bera ere atzeman atzo

Zarautzen, Azkoitian eta Azpeitian behera egin du positibo eman duten pertsonen kopuruak. Herenegun hogeitik gora positibo detektatu zituzten hiru herri horietan; atzo, berriz, 11na kasu izan ziren Zarautzen eta Azpeitian, eta hamar Azkoitian. Azken herri honek du kasu metatuen tasa handiena –Errezilen ondoren–, 1.426,31rekin. 

Orion bezala, Zumaian ere, gora egin du positiboen kopuruak, eta  bostetik zortzira igo da. Zestoan, berriz, lau kasu izan zituzten atzo –bezperan baino bat gutxiago– eta Getarian bi –astelehenean baino bat gehiago–. Aian, Aizarnazabalen, Beizaman eta Errezilen ez zen atzo positiborik egon.

Hego Euskal Herrian beherantz

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan beherantz egin du positibo eman dutenen kopuruak. Egindako PCR eta antigenoen 17.890 probatan 1.401 positibo atzeman zituzten; egindako proben %7,8k eman du positibo. Bezperan 1.529 positibo zenbatu zituzten hiru lurraldetan. Bizkaian detektatu dituzte orain positibo gehien, 676; Gipuzkoan 569 kasu atzeman zituzten atzo, eta 142 Araban. Hiru lurralde hauetatik kanpo bizi diren beste hamalau lagunek ere positibo eman zuten egindako probetan.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ez du ospitaleratutakoen datua berritu; bai, ordea, ZIUn daudenea. Datu hauen arabera, 133 lagun zeuden atzo hiru lurralde hauetako ospitaletako ZIUtan. 

Nafarroako Gobernuak ez du datu ofizialik eman, baina atzo beste 242 kasu izan zirela aurreratu du. Beste hiru lurraldetan ez bezala, datuek gora egin dute Nafarroan, 217tik 242ra, hain zuzen ere. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!