Zazpi koronabirus kasu berri atzeman dituzte Orion, eta lau Aian

Dorleta Agiriano Lai / Ihintza Elustondo / Aiora LarraƱaga 2020ko aza. 13a, 15:29

Azken egunetan igo egin da Orion atzemandako kasuen kopurua, eta gaur-gaurkoz, 1.138,45ekoa da intzidentzia tasa. Abuztutik jasotako datuei erreparatuz gero, inoiz baino positibo gehiago atzeman dituzte

Osakidetzak kaleratu ditu dagoeneko atzoko PCR proben eta test antigenoen emaitzak, eta positiboen kopuruak altua izaten jarraitzen du Urola Kostan; izan ere, 45 kasu positibo berri zenbatu zituzten atzo eskualdean.

Herriz herrikako datuak aztertuz gero, ikusi daiteke Aian positiboek gora egin zutela herenegun, eta joera hori berretsi zen atzo; izan ere, lau positibo berri atzeman zituzten; 850,85eko intzidentzia tasa du Aiak.

Orion ere goranzkoa da joera: izan ere, zazpi positibo zenbatu zituzten atzo, herenegun baino hiru gehiago. Koronabirusak gogor kolpatu du herria, azken bi asteetan inoiz baino positibo gehiago atzeman dituztelako Orion: joan den ostiralean zortzi, asteburuan hamar, astelehenean lau, asteartean zazpi, asteazkenean lau eta ostegunean zazpi. Azken astean (azaroaren 6tik 13ra), guztira, 40 lagunek eman dute positibo, eta aurrekoan 25 izan ziren (urriaren 30etik azaroaren 5era).

Goiko grafikoa aztertuz gero, ikus daiteke koronabirus kasuen gorakada nabarmena gertatu dela azken bi asteetan, Kontxako estropaden bueltan izandako olatuaren parekoa. Hala, hurrengo grafikoan jasota dago, abuztuaren 1etik atzora arte, 100.000 biztanleko intzidentzia tasak izan duen bilakaera Orion, Zarautzen eta Zumaian. Hiru erpin ikus daitezke grafikoan, nabarmen: abuztuaren amaiera aldera bat, iraileko azkeneko bi asteetan beste bat, eta azaroaren hasieran beste bat. Urriko hirugarren astetik aurrera etengabe egin du gora intzidentzia tasak, eta azaroko aurreneko astetik aurrera heldu da abuztutik hona erregistratutako puntu gorenera.

Orion, esaterako, abuztuaren hasieran intzidentzia tasa hutsetik hurbil mantendu bazen ere, zenbatekoak joera gorakorra hartu zuen abuztuaren erdialdetik iraila hasi arte. Irailaren erdialdean gainditu zuen 500eko langa, eta hala mantendu zen urria hasi arte. Handik aurrera tasak behera egin bazuen ere, urriaren amaiera aldera ekin zion berriro gora egiteari, 1000ko tasara heltzeraino: abuztutik izan den tasa altuena zenbatu zuten atzo: 1.138,45.

Datuak, lurraldeka
Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak 17.061 PCR proba eta test antigeno egin zituen atzo —herenegun 16.338 izan ziren—, eta 1.052 izan ziren probetan positibo eman zuten herritarrak; hau da, positiboen ehunekoa herenegun baino txikiagoa izan zen atzo, %7,3koa, hain justu –%8,6koa izan zen herenegun–. Lurraldez lurralde, Bizkaian atzeman zituzten positibo gehien (653); ondoren, Gipuzkoan (619); eta azkenik, Araban (137). Gipuzkoak du intzidentzia tasarik altuena: 1113,36koa, hain zuzen ere.

Bestalde, ospitaleratutako erien datuak kezkagarria izaten jarraitzen du; 500 pertsona daude Osakidetzako erietxeetan, eta atzo 60 pertsona ospitaleratu zituzten. ZIUn, berriz, 134 pertsona daude hiru lurraldeetan.

Nafarroan, kutsatzeek pixka bat behera egin dute azken orduetan: atzo, 3.520 PCR eta antigeno test egin zituzten, eta 216 positibo atzeman ziren, bezperan baino hemezortzi gutxiago.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!