Zarautzen garbigune berria egiteko finantzaketa onartu du UKUEk

Dorleta Agiriano Lai 2020ko aza. 14a, 10:00
(UKUE)

Eskualdean garbigune berri bat egokitzea da Urola Kostako Udal Elkartearen asmoa, baita Zarauzko gaur egungoa eraistea eta eremua urbanizatzea ere. 2021eko lehen seihilekoan hasiko lirateke obrak.

Zarauzko garbigune berria izango dena eraikitzeko finantzaketa onartu berri du Urola Kostako Udal Elkarteak, EAJren eta EH Bilduren aldeko botoekin. Astelehenean izan zen Zuzendaritza Batzordea, eta orduan onetsi zuten 1.951.248,47 euro bideratzea eskualdean garbigune berri bat egokitzeko. Aurreikuspenen arabera, 2021eko aurreneko seihilekoan hasiko lirateke lanak, eta 2022ko lehen seihilabeterako egongo litzateke prest hondakinak jasotzeko eta tratatzeko gune berria.

Ondokoak dira, mankomunitatearen esanetan, garbigunean bilduko diren hondakinak: "arrandegietako hondakinak, denetariko plastikoa, egurra, enbalatzeko plastikoa, errefusa, obra-hondakinak, hondakin arriskutsuak, jostailuak, kartoia, lorezaintza, pneumatikoak, poliespana, RAEE eta txatarra metalikoa".

2018an adostu zuen UKUEk garbigune berria sortzea, eta obra aurrera eramateko, 1.227.657,97 euroko ekarpena egin zuten Aiako, Getariako, Orioko, Zarauzko eta Zumaiako udalek. Orain, beraz, udalek ez dute diru gehiago jarri beharko proiektu honetarako, eta UKUE arduratuko da finantzaketaz.

Hamalau hilabeteko obra

Zarauzko Urdaneta kalean du egoitza nagusia UKUEk, eta alboko partzelan kokatuko lukete garbigune berria. Obrak hamalau hilabeteko iraupena izatea aurreikusi dute, eta hiru fasetan gauzatuko lukete. Lehenengo fasean egingo lirakete "garbigunea eraikitzeko lanak", eta bigarrengoan, aldiz, "gaur egungo garbigunearen eraisketa eta lur kutsatuen tratamendua". Hirugarren eta azken fasean "eraitsitako eremua urbanizatzea" da UKUEren asmoa.

Gaur-gaurkoz hiru garbigune daude eskualdean: Aia-Orion bat, 2010ean eraikitakoa; Zumaian bat, 2005etik martxan dena; eta Zarautzen beste bat, zaharrena, 2001ean sortutakoa. Txikiena da Zarauzkoa, 1.082m²ko azalerarekin. Aia-Oriokoak 1.647m²ko azalera du.

Mankomunitatearen arabera, guztira 3,2 tona kudeatu zituzten hiru garbiguneetan 2018an. Iaz hazi egin zen kopurua: 4,1 tona izan ziren. Zarautzen jaso eta tratatu zen ehuneko handiena; hain zuzen, %49,79 2018an eta %54,98 iaz. "Instalazioaren erabilerak eta kudeaketa sistema aldaketek (hondakinen sailkapena gero eta handiagoa, berrerabilpenerako eta birziklapenerako hondakinen biltegiratze desberdinen kudeaketa…) eraikin handiago baten beharra azaleratu" dutela dio mankomunitateak.

Lehiaketa publiko bidez esleituko dituzte garbigunea eraikitzeko lanak, eta "behin proiektua zehaztuta", "epe laburrean lizitazioa abian" jarriko duela azaldu du UKUEk.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!