Oriok intzidentzia tasa altuarekin jarraitzen du, azken orduetan positibo bakarra detektatu duten arren

Juan Luis Romatet 2020ko aza. 20a, 14:19

Grafikoan ikusten denez, Orioko positibo kopuruak nabarmen egin du gora azken egunetan. Zumaiarekin eta Zarautzekin konparatuz gero,  intzidentzia tasa altua du herriak; gaur gaurkoz, eskualdeko altuena.

Uneren batean gorakadaren bat egon badaiteke ere, olatuaren aparra atzean utzi dugula ondorioztatu daiteke datuei so eginez. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako datuen arabera, hogei kasu izan ziren atzo Urola Kostan; bezperan emandakoaren erdia baino gutxiago, hain zuzen ere. Izan ere, 55 kasu zenbatu zituzten eskualdean asteazkenean: Azkoitian izandako 21 kasuek igo zuten datua. Atzo, berriz, hiru positibo besterik ez zituzten zenbatu herri horretan. Aipagarria da, baita ere, aspaldiko partez ez zutela kasurik izan Azpeitian. 

Zarautzen izan zituzten atzo kasu gehien –bost kasu–; Zumaian eta Zestoan launa kasu izan ziren, Getarian hiru eta Orio bat. Aian, Aizarnazabalen, Beizaman eta Errezilen ez zituzten atzo positiborik izan.

Eskualdeko intzidentzia tasak ere beheranzko joera du. Oriok du gaur egun intzidentzia tasa handiena –Errezilen atzetik–, 1.303,42rekin; Azpeitiak 1.069,41ekoa du, eta Azkoitiak, semaforo gorria piztuta izanda ere, milatik beherako tasa du: 967,55. 

Hego Euskal Herrian ere beherantz doa positiboen kopurua. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 935 kasu zenbatu zituzten atzo, egindako 14.391 probatan; %6,5ek eman zuen positibo. Bizkaian eman ziren kasu gehien –412 kasu–; Gipuzkoan 407 kasu izan ziren, eta Araban 109.

135 pertsona daude hiru lurraldetako erietxeetako ZIU unitatetan, eta guztira 475 ospitaleratuta. 

Nafarroan, berriz, azken aldiko zenbaki baxuena izan zuten atzo, 138 positiborekin. Guztira 2.065 proba egin zituzten, eta positiboen tasa %6,7koa izan zen.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!