Hazilan programaren 11. edizioan izena emateko epea zabaldu dute

Mireia Galarza 2020ko abe. 5a, 10:00

Egitasmoa langabetuei nahiz beraien lana hobetu nahi dutenentzat zuzenduta dago, betiere 20-44 urte eta goi mailako ikasketak badituzte. Gehienez 15 pertsonako taldea osatuko du UKUEk.

2021.urteari begira, UKUEk -Urola Kostako Udal Elkartea- HAZILAN egitasmoaren hamaikagarren deialdia egin du. Egitasmoa langabetuei nahiz beraien lana hobetu nahi dutenentzat zuzenduta dago, betiere 20-44 urte eta goi mailako ikasketak badituzte. Hori horrela, zabalik dago azken edizioan izena emateko epea, eta gehienez 15 pertsonako taldea osatuko du UKUEk. 

Azken bi edizioetan bezala, 11. edizioan ere prestakuntza eskaintza indartzeko apustua egin du UKUEk. Horretaz gain, parte-hartzaileek enpresetan praktikaldia egiteko aukera izango dute.

Edukiari dagokionez, programak hiru atal nagusi izango ditu. Lehendabizi, zeharkako gaitasunak landuko dituzte bizipen-prestakuntza pertsonalizatua eta integrala eskainita. Ondoren, partehartzaileek sarean norberaren marketina egiteko gakoak ezagutuko dituzte teknologia berriak erabilita, eta helburu horrekin, 24 orduko prestakuntza teknikoa jasoko dute. UKUEk aitortu dutenez “lan munduan murgiltzeko ezinbesteko esparrua bihurtu da prestakuntza mota hori”. Amaitzeko, norberaren lanbide profilaren arabera, eskualdeko enpresaren batean 200 orduko praktikaldia egiteko aukera izango dute. 

Urola Kostako Udal Elkarteko kideek diotenez, orain arte, ibilbide “emankorra” izan du ekimenak eskualdean. Izan ere, aurreko  edizioetan zehar, guztira 150 pertsonek parte hartu dute ekimenean, eta hainbat gaitasun sozioprofesional landu ondoren, laneratzeko prozesuak egin dituzte eskualdeko zenbait enpresetan (praktikak, prestakuntza lanpostuan…). 

UKUEk aurrez aurreko prestakuntzaren aldeko apustua egingo du, nolanahi ere “segurtasun eta prebentzio neurri guztiak errespetatuta”. Edozein kasutan, osasun egoeragatik aurrez aurreko saioak bertan behera geratuko balira, Urola Kostako Udal Elkarteak azpimarratu du “prest” dituela baliabide guztiak, etenik gabe, programa online aurrera eramateko. Hala balitz, aurrez jakinaraziko zaie partaideei. 

Informazio saioa eta izen-ematea

Programaren inguruko interesa dutenek abenduaren 17an izango dute egitasmoari xehetasun gehiago jakiteko aukera. 11:00etan izango da hitzordua, online, Gotomeeting plataformaren bidez. Parte hartzeko, ordea, aurrez eman beharko da izena, galdetegi hau beteta. Ondoren, saiora sartzeko esteka jasoko du interesdunak bere posta elektronikoan. Izena emateko prozesuaren xehetasunak ere emango dituzte egun horretan. 

Izen-ematea Udal Elkartearen egoitza elektronikoan egin beharko dute interesa dutenek. Hala ere, tramitazioa elektronikoa egin ezin dutenek, egoitzan elektronikoan dokumentua deskargatu,  bete eta Udal Elkarteko egoitzara bertaratu beharko dute.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!