Koronabirus kasu bat atzeman dute Aian asteburuan, eta bat bera ere ez Orion

Andoni Elduaien 2020ko abe. 7a, 13:50

Azken hamalau egunetako intzidentzia tasa 500eko langatik beherakoa da 5.000 biztanletik gorako eskualdeko herri guztietan.

Urola Kosta eskualdean beste 35 kasu positibo baieztatu ditu Osasun Sailak. Hala eta guztiz ere, herri guztietan behera egiten jarraitzen du intzidentzia tasak. Orion, esaterako, ez dute kasurik atzeman azken ostiraletik igandera bitartean, eta Aian, berriz, kasu bat hauteman zuten larunbatean, hiru egunetako kasu bakarra

Eskualde mailan, kasurik gehien zenbatu dituzten herriak izan dira Zarautz eta Azpeitia. Zarautzen hamabost kasu atzeman dituzte; zazpi zenbatu zituzten ostiralean, eta launa larunbatean eta atzo, igandea; 326,17koa da intzidentzia tasa han. Azpeitian, berriz, 11 kasu zenbatu dituzte; bost hauteman zituzten ostiralean, lau zapatuan eta bi atzo. 405,18koa da intzidentzia tasa herri horretan.

Bi herri horien ondoren, Azkoitia izan da hiru positiborekin kasu gehien eman dituen hurrengo herria. Azkoitia zen eskualdean 5.000 biztanletik gorako herrien artean eremu gorrian zegoen bakarra, eta asteburuko datuen ondoren, eremu laranjara pasatu da; 367koa da orain Azkoitian intzidentzia tasa.

Getarian eta Zumaian, berriz, bina kasu zenbatu dituzte; herri bakoitzean bana baieztatu zuten ostiralean eta larunbatean. Zumaiako intzidentzia tasa, gainera, eremu laranjatik berdera pasatzear da. 60 puntutik beherakoa izan behar du tasak eremu berdera pasatzeko, eta gaur-gaurkoz 91,60koa da zenbatekoa Zumaian. Gainerako herri guztietan, aldiz, ez dute kasu bakar bat ere baieztatu.

Hego Euskal Herriko egoera
Hego Euskal Herrian, bestalde, 399 kasu positibo zenbatu zituzten atzo, igandea. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 5.223 test egin zituzten, eta horietatik, 315 izan ziren positibo emandakoak. Lurraldeka aztertuta, Araban 49 kasu baieztatu zituzten, 156 Bizkaian eta 106 Gipuzkoan; hala eta guztiz ere, hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren beste lau lagunek ere eman zuten positibo. Nafarroan, berriz, 1.077 proba egin zituzten atzo, eta horietatik 84k eman zuten positibo.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hogei lagun ospitaleratu zituzten atzo, Osasun Sailaren arabera “COVID-19a” dutelakoan. Guztira 326 pertsona daude hiru lurralde horietako erietxeetan ospitaleratuta; Zainketa Intentsiboen Unitatean ospitaleratuta, bestalde, 131 pertsona daude, gaur-gaurkoz. Oinarrizko birsorkuntza tasa edo R0 indizea, 0,90ekoa da hiru lurralde horietan. Gipuzkoak du indize horren tasa baxuena; 0,83koa da lurralde horretan.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!