Neurri berriek ostalaritzari arnas pixka bat emango diotela uste du sektoreak

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2020ko abe. 10a, 10:19
Arkaitz tabernako barra. Artxiboko argazkia.

Dena dela, indarrean jarraitzen duten arauek eta neguko eguraldiak sektorearen berreskuratzea baldintzatu dezaketela iruditzen zaie ostalariei.

Atzo, EAEko Babes Zibileko Planaren (LABI) aholku batzordeak jakinarazi zuen ostalaritza irekitzea eta lurralde barruko mugikortasuna baimenduko duela. Hala, hilabeteren ostean berriro ere beren lokalak irekitzeko aukera izango dute ostalariek, betiere udalerriko 100.000 biztanleko hamalau egunetako tasa 500dik beherakoa bada. Ostalariek terrazak jarri ahal izango dituzte —terraza horietan ez erretzea gomendatu dute—, eta lokal barruan ezingo da %50eko edukiera baino gehiago onartu.

Ostalariak gustura dira tabernak eta jatetxeak irekitzeko baimena eman dutelako, baina 20:00etan ixteko aginduak sektorearen errekuperazioa baldintzatuko duela uste dute zenbaitek. Aiako Iturriozena tabernako arduradunek, esaterako, sektorea egoera zaila bizitzen ari dela gogoratu dute, eta irekitzeak egoera hobetuko badu ere, oraindik murrizketak gogorrak direla aitortu du. "Poza ematen du tabernak eta jatetxeak ireki ditzakegula jakiteak, baina 20:00etarako itxi beharko dugu egunero. Gainera, urtarrilaren 11n neurriak berrikusiko dituztela azaldu dute, eta ziurgabetasun egoera horrek kezka sortzen du sektorean. Horrela ez dago martxa berreskuratzerik".

Mikel Rekarte Orioko Arkaitz tabernako arduradunak ere baditu hainbat zalantza. "Azken hilabetean, guk irekita izan dugu taberna eta eramateko kafea eta plater konbinatuak eskaini ditugu, baina beste asko itxita egon dira. Dena dela, tabernako erreziboak ordaintzen jarraitu behar izan dugu guztiok, eta horrek kezka handia sortzen du ostalarion artean. Neurri berriek arnasa emango diote sektoreari, baina kontuan hartu behar da neguan gaudela eta ez dela udaberrian bezala izango. Udaberriko itxialdiaren ondoren, jendea kalera ateratzeko gogoz zegoen eta eguraldiak lagundu zuenez, terrazak bete egin ziren. Ikusiko dugu orain zer gertatzen den, hotza eta euriarekin ez baitugu udaberrian bezala lanik egingo".

Horrez gain, neurriak errespetatzearen garrantziaz ere hitz egin du Rekartek. Izan ere, tabernak eta jatetxeak irekiko dira, baina hainbat arau bete beharko dituzte bezeroek: maskaren erabilera derrigorrezkoa izango da uneoro, kontsumitzerako unean salbu, eta mahaietan eserita egon beharko dute kontsumitzen duten bitartean, ezingo baita tabernetako barretan kontsumitu. "Guk bermatu dezakegu edukiera muga betetzea, baina ezinbestekoa da bezeroak ere egoeraz jabetzea".

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!