Kasuek gora egin arren, Aian eta Orion ez dute positibo berririk atzeman

Andoni Elduaien-Dorleta Agiriano Lai 2020ko abe. 11a, 18:52
Grafikoan, Orioko positibo kasuen bilakaera.

Duela astebete bezala, ez dute kasu berririk hauteman Aian eta Orion. Hego Euskal Herrian, baina, gora egin dute baieztatutako positiboek: guztira, 703 zenbatu zituzten atzo egindako probetan.

Koronabirusa hautemateko atzo egindako probetan ez zuten positiborik detektatu Aian, ez eta Orion. Duela astebete ere ez zen emaitza positiborik izan bi herrietan, eta baieztatutako kasuen kopuruak baxua izaten jarraitzen du: azkeneko zazpi egunetan hiru kasu zenbatu dituzte Orion, eta bi Aian. Hala, eremu berdean jarraitzen du Aiak, 100,10eko positibotasun tasarekin. Orio, aldiz, eremu horian dago oraindik, 181,49ko intzidentzia tasarekin.

Dena den, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eman dituen datuekin, agerraldi kopuruak gora egin du berriz ere Urola Kostako herrietan. Azken egunetako datuekin eskualdea egonkortzen ari zela bazirudien ere, beste 34 kasu positibo zenbatu dituzte Urola Kostan. Joan den asteko ostegunean egindako testetan hamasei positibo zenbatu zituzten. Datu horrekin eta azken egunetako agerraldiekin alderatuta, kasuak bikoiztu egin dira eskualdean.

Datuak bikoizteko arrazoia atzo, osteguna, egindako test diagnostikoetako emaitzetan dago. Izan ere, hamabost positiborekin, Zarautz izan da kasu gehien zenbatu dituzten eskualdeko herria; 274,67koa zen intzidentzia tasa atzo, eta gaur 296,12koa da tasa, atzoko datua baino zertxobait handiagoa, beraz. Haren atzetik dago Azpeitia, hamalau kasurekin. Intzidentzia tasan igoera nabarmena izan dute han, izan ere 365,33ko tasarekin eremu ‘laranja’ zen Azpeitia atzo. 500eko langa horretara gehiago hurbildu da, eta gaur 438,39koa da tasa.

Kasu kopuru gehien aurkitu dituzten bi herri horien ondoren, Getarian bi kasu zenbatu dituzte, eta bana Azkoitian, Zestoan eta Zumaian. Intzidentzia tasari lotuta, gainera, azpimarratu daiteke gora egin duela zenbatekoak, Zarautzen eta Azpeitian bezala, Zumaian ere. Hala eta guztiz ere, ez da igoera esanguratsua izan.

Kasuak gora

Hego Euskal Herrian, berriz, kasuek gora egin dute berriz ere. Guztira 703 kasu zenbatu dituzte. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan atzo 10.656 test diagnostiko egin zituzten, eta, haietatik, 597 positiboak izan ziren. Lurraldeen arabera, 122 kasu hauteman dituzte Araban, 230 Bizkaian, 243 Gipuzkoan; gora egin dute, beraz, kasuek Gipuzkoan. Hala eta guztiz ere, hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren beste bi laguni ere detektatu diote positiboa. Nafarroan, aldiz, 1.909 proba egin zituzten, eta horietatik 106 positibo baieztatu dituzte.

Ospitaleen egoeraren berri ere eman du Osasun Sailak. “COVID-19aren ondorioz” 65 pertsona ospitaleratu ziren atzo. 406 pertsona daude, gainera, Araba, Bizkai edo Gipuzkoako erietxeren batean ospitaleratuta. Zainketa Intentsiboen Unitatean (Ziu), 117 pertsona daude. Oinarrizko birsorkuntza tasak edo R0 indizeak ere gora egin du hiru lurraldeetan, eta 0,91koa da tasa gaur; Gipuzkoan ere gora egin du, 0,87an kokatzeraino. Nafarroan, berriz, 161 pertsona daude ospitaleratuta, horietatik 21 ZIUn daude.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!