Ikuslerik gabe jokatuko da Aian Harri Handien Txapelketa

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2020ko abe. 17a, 15:16

Gaur egin dute Harri Handien Euskadiko Harri Jasotze Txapelketa

Bost harri-jasotzailek parte hartuko dute txapelketan: Iñigo Eizagirre, Aimar Galarraga, Jon Unanue, Jokin Eizmendi eta Aimar Irigoien.

Larunbat arratsaldean jokatuko da Aian Harri Handien Euskadiko Txapelketa. Gaur aurkeztu dute herri kirol hitzordua Aiako probalekuan, eta antolatzaileek zehaztu dute ikuslerik gabe izango dela. Hasiera batean, kartela argitaratu zutenean, publikoarekin egitea zen asmoa, baina Eusko Jaurlaritzak zehaztu dituen arau berrietara moldatu behar izan dute. "Egun batetik bestera aldatzen da egoera, eta ikuslerik gabe egin beharko dugu aurtengo txapelketa" azaldu dute agerraldian.

Aurkezpenean parte hartu dute Gipuzkoako Herri Kirol Federazioko ordezkari Jose Inazio Saizar Luxarbe-k, Euskadiko Herri Kirol Federazioko presidente Joxe Antonio Lopategik, Aiako alkate Nekane Arrizabalagak eta Joxe Angel Sarasola harri-jasotzaile ohiak.

Agerraldian adierazi dutenez, Harri Handien Euskadiko Harri Jasotze Txapelketan bost harri-jasotzailek parte hartuko dute: Iñigo Eizagirre zarauztarra, Aimar Galarraga oriotarra, Jon Unanue azkoitiarra, Jokin Eizmendi zarauztarra eta Aimar Irigoien errezildarra. Hasiera batean, Julen Diaz arabarra ere parte hartzekoa zen, baina ez da Aian izango min hartuta dagoelako.

Lau harri
Urtero bezala, lau harri hartu beharko dituzte mendean harri-jasotzaileek: 200 kiloko harri errektangularra edo zilindroa, 175 kiloko zilindroa edo errektangularra, 150 kiloko kubikoa eta 125 kiloko bola. Harri bakoitzarekin hiru minutuko saio bana egingo dute kirolariek. Hala, kilo gehien jasotzen dituena izango da txapelketako irabazlea. "Kiloak hartuko ditugu kontuan, eta ez jasoaldiak", zehaztu du Sarasolak.  

Euskadiko Herri Kirol Federazioko lehendakariak azaldu duenez, "urte zaila" izan da aurtengoa, pandemia dela eta txapelketak egiteko arazo asko izan dituztelako. "Horregatik, Aiako Udalari eskerrak eman nahi dizkiogu Harri Handien Txapelketa egiteko probalekua utzi digulako".

Nekane Arrizabalagak, bestalde, adierazi du Aiako Udalak beti egin duela "herri kirolen aldeko apustua" eta "ongi-etorriak" direla Aian horrelako ekitaldiak. Jose Inazio Saizar Luxarbe-k, berriz, eskerrak eman nahi izan dizkie harri-jasotzaileei izan duten "pazientziagatik". "Ez genekien txapelketa egiterik izango genuen, baina azkenean lortu dugu".

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide