Ikus-entzunezko onenaren Tokikom Saria irabazi dute Erlo Telebistak eta Baleikek

Karkara 2020ko abe. 18a, 08:49

‘Marea errotaren arrastoaren bila’ lanak irabazi du ikus-entzunezko onenaren Tokikom Saria. Urolako Komunikazio Taldeko kide dira Erlo Telebista eta Baleike, KARKARA, Zarauzko Hitza, Urola Kostako Hitza, Maxixatzen eta Uztarriarekin batera.

Garia eta artoa xehetzeko erabiltzen zituzten errotak, baita energia sortzeko ere. Garai batean Zumaian, San Pedro parrokiaren alboan, izan zen marea errotak energia dosia eman dio Urolako Komunikazio Taldeari. Izan ere, ikus-entzunezko onenaren saria irabazi berri du Erlo Telebistak eta Baleikek sortutako Marea errotaren arrastoaren bila lanarekin. Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendari Garbiñe Mendizabalek iragarri du saria, gaur arratsaldean online egindako sari banaketa ekitaldian.  Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko zuzendariari Esti Alkortak ere parte hartu du ekitaldian, eta goraipatu du toki komunikabideek egindako lana, herritarrek inoiz baino gehiago behar  dugulako gertuko informazioa.

"Erreportaje ikusgarria"

Euskarazko toki komunikabideen lanaren bikaintasuna aldarrikatzeko eta gizarteratzeko asmoa dute Tokikom sariek. Erlo Telebistak eta Baleikek elkarlanean sortutako lana "erreportaje ikusgarri" gisa goraipatu du Euskal Herriko Unibertsitateko Edorta Aranak eta Tania Arriagak nahiz Mondragon Unibertsitateko Zuriñe Maguregik osatutako epaimahaiak. Ikus-entzunezkoaren beraren "faktura bikaina" eta "atzetik sumatzen den dokumentazio lan izugarria" nabarmendu dute saria emateko orduan. Kategoria horretan Beterri-Buruntzako Aiurri eta Sakanako Guaixe ere aritu dira lehian sarietako sail honetan.

 

Koronabirusak eragindako osasun krisialdiaren ondoria da ikus entzunezko hau. "Itxialdiaren ostean, dendak ireki zirenean, Zumaiako Udalak erosketa bonoen kanpaina jarri zuen martxan, tokiko merkataritza sustatzeko. Kanpainaren leloa Errotaherria gara zen, eta spotean garai batean Zumaian egon zen marea errota bati egiten zitzaion erreferentzia. Antza, ekonomikoki garrantzi handiko errota zen, baina marea errota horren inguruko informazioa bilatzen hasi ginenean ezer gutxi topatu genuen. Horrek ikaragarri harritu gintuen. Nola da posible herriarentzat gakoa izan zen errota baten inguruko informaziorik ez egotea? Hori izan zen erreportajearen abiapuntua, marea errota horren arrastoa jarraitzea", azaldu du Julen Imaz UKTko telebista zuzendariak.

Erreportajea egiteko garaian arazorik handiena marea errota nolakoa zen eta non kokatzen zen irudien bidez azaltzea izan zela adierazi du Imazek. "Argazkirik existitzen ez zenez, beste elementu batzuk bilatu behar izan genituen. Zorionez, Daniel Carballo arkitektuak erreportajean parte hartzeko gonbidapena onartu zuen eta marea errotaren 3D irudiak sortu zituen guretzat. Carballok egindako lan horrek erreportajea ikaragarri aberastu zuen, gure helburua marea errota hori nolabait ikusaraztea baitzen".

Behin erreportajea telebistaren eta UKTren webguneen bidez erakutsi zenean, jasotako erantzunak "oso onak" izan zirela azpimarratu du Imazek. "Jende askok eskertu egin digu Zumaiako ondare kulturalarekin eta historikoarekin lotutako horrelako lan bat egin izana. Azken finean, horrelako kazetaritza lan bat ez da kanpotik etorriko, herritik bertatik egin beharreko zerbait da".

Pozez hartu du ikus entzunezko onenaren Tokikom Saria Imazek. "Lan handia hartu genuen erreportaje hau egiteko, ilusio handiarekin egindako lana baita. Sari bat jasotzea sekulako bultzada da guretzat, horrelako lan gehiago egiten jarraitzeko".

Sari banaketa online
Segurtasun neurriek hala behartuta, sariak banatzeko ekitaldia online egin dute gaur arratsaldean, eta saioa toki telebistetan eta Tokikom sareko webguneetan ikusteko aukera egon da.

Azalik onenaren saria Debagoienako Puntua astekariak lortu du. Suizidioaren gaia jasotzen du argitalpenak azalean. Edukirik onenaren saria, berriz, Durangaldeko Anboto astekariarentzako izan da Zaldibarko hondakindegian izandako gertakarien inguruko lanarengatik.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!