Lau positibo kasu berri atzeman dituzte Aian eta bat Orion

Nerea Uranga 2020ko abe. 28a, 14:13

Hego Euskal Herrian positibotasun tasak ehuneko seitik gorakoa izaten jarraitzen du, Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuko osasun sailek emandako datuen arabera. Herriz herriko datuak ere kaleratu ditu Osakidetzak, atzo zazpi kasu positibo atzeman zituzten eskualdean, horietatik gehienak Zarautzen, hiru. Azken lau egunetako datuak kontuan hartuta, Azpeitian atzeman dituzte kasu gehien, hogei; ondorioz, udalerri horrek eremu gorrian jarraitzen du. Azkoitia, berriz, eremu laranjara igaro da eta ostalaritzako establezimenduak irekitzeko aukera izango du; Errezilek, aldiz, itxi egin beharko ditu.

Abenduaren 23tik gaur arte ez du herriz herriko datuen berririk eman Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak. Gaur argitaratutako datuen arabera, azken lau egunetan (abenduaren 24tik 27ra artean) 43 kasu positibo atzeman dituzte Urola Kosta eskualdean. Kasu gehien hauteman zituzten eguna abenduaren 24a izan zen, hamabost kasu. Udalerrika, berriz, azken lau egunetan Azpeitian atzeman dituzte kasu gehienak: hogei. Kasu horien erdiak, hamar, abenduaren 24an hauteman zituzten; abenduaren 25ean hiru kasu izan ziren, 26an bost eta atzo bi. Azkoitia, aldiz, eremu gorritik laranjara igaro da; azken lau egunetan kasu bakarra atzeman dute han, atzo hain justu.

Zarautzen hamar kasu atzeman dituzte azken lau egunetan; azken hiru egunetan, hiruna. Aizarnazabalen, berriz, bost kasu izan dira eta Aian lau. Abenduaren 24an kasu bana atzeman zituzten Errezilen eta Zestoan, baina atzo arteko beste egunetan ez zuten kasurik izan bi udalerri horietan. Orion ere kasu bakarra izan da egunotan, herenegun. Zumaian, Getarian eta Beizaman ez dute kasurik atzeman azken lau egunetan.

5.751 test diagnostiko egin zituzten atzo, igandea, Hego Euskal Herrian eta 358 kasu positibo atzeman zituzten: Araban 49, Bizkaian 151, Gipuzkoan 94 eta Nafarroan 60. Positibotasun tasak, berriz, %6tik gorakoa izaten jarraitzen du.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan COVID-19aren eraginez 31 pertsona ospitaleratu zituzten atzo eta 83 gaixo daude ZIUetan.