2021 urteari eskatzen diot...

Intza Unanue Arruti 2020ko abe. 31a, 13:14

2020a amaitzear den honetan, oriotarrek eta aiarrek hurrengo urterako zer nahi eta desio dituzten jakin nahi izan dugu. Hemen herritar batzuen eskaerak.

Leire Bravo (Orio)

Aurten, beste gauza askoren artean, oinarrizko gauzek zer garrantzia duten ikasi dugula iruditzen zait: komertzio txikiek, kalitatezko osasungintza sistema batek, lagunekin edo familiarekin igarotako momentuek, besarkadek, poteoek, mendi bueltek, parrandek...

Aurten, momentu batez faltan bota ditugun gauza txikiez benetan gozatzen ikasi dugu. Eta nik, 2021 urteari, benetan apreziatzen ikasi dugun gauza txikiez gozatzen jarraitzen jakitea eskatu nahi diot, normaltasunera itzultzean, 2020ak irakatsi diguna ahaztu gabe.

Xabi Azpiazu (Aia)

Hasteko, 2020. urteari eskerrak emango nizkioke. Pandemia honek gauza on asko ere ekarri dizkigulako. Nire kasuan, lana eta osasuna topera izan ditut eta ezin naiz kexatu, gainera, txorakeri asko burutik kendu eta hankak lurrean jarri dizkigula uste dut. 2021. urteari, berriz, bi gauza bakarrik eskatzen dizkiot: lana eta osasuna berriz ere. Hori edukita beste dena ere posible izango baita. Eta amaitzeko, mundu honetan bizi garen gizarte xelebre honi ere eskatuko nioke zerbait... Utzi ditzagun txikikeriak alde batera eta has gaitezen mundua hobeto zaintzen eta gizakiok elkar gehiago maitatzen.

Eneritz Odriozola (Orio)

Eneritz bezala, urte berriari gauza asko eskatuko nizkioke, opari asko, eta hobekuntza asko, batez ere gure gizartearentzat: eskatuko nioke gizarte horizontalago bat, berdintasunean gehiago oinarritzen dena, bai gure artean, pertsonatik pertsonara, eta baita pertsonatik beste espezie guztiei begira. Horizontala, zentzu guztietan, gu eta gure ingurune guztiarekiko. Koronabirusak zerbait erakutsi izan badigu, nire ustez, hori izan da beste era batera planteatu behar dugula gure gizarte hau, eta baita gure begirada ere ingurumenarekiko.

Bestetik, Lera taldeko kide bezala, Gabonetan egiten dugu gure ekarpentxoa herrira begira, eta eskatuko nuke datozen Gabonak mundialak izatea. Seguru nago hala izango direna, baina hori eskatuko nuke. Plaza berrituan, gaixotasunik gabe, plaza jendez lepo egotea eta festa izugarri bat egitea Olentzero eta Mari Domingi eta gainerako pertsonaientzat. Gu irrikitan eta gogo biziz gaude datorren urtean festa izugarri bat egiteko.

Unai Manterola (Orio eta Aia)

2020a osasun krisiak eraginda izan bada ere ,eta inguruan sufrimendurik falta izan ez bazait ere, eta lanari dagokionez muga askorekin jardun beharra izan badugu ere, arlo pertsonalean ez da niretzat txarra izan. Gauza garrantzitsuak eta bigarren mailakoak bereizten ikasteko, lagun onak zein diren antzeman eta harremana sendotzeko. 2021ari eskatzen diodana da pandemia bukatu dadila, baina pandemian ikasitako hainbat gauza ez ditzadala ahaztu.

 

Ana Lukas (Orio)

2021 urteari eskatzen diot 2020ak kendu dizkigun gauza horiek bueltatzea. Hasteko, lagunekin nahi beste elkartu ahal izatea gustatuko litzaidake. Tabernetan ere lasai egotea, beste herri eta herrialdeetara joateko aukera edukitzea... besteak beste. Eta, nola ez, maskara kentzea. Irakasle naizen horretan, faltan botatzen dut ikasleen aurpegiak ikustea, espresio guztia galtzen dugu musukoarekin eta pena izugarria ematen du ikasle askoren aurpegia ez ezagutzeak.

Urte hau, egia esan, ikaskuntza bat ere izan da; familiarekin denbora gehiago pasatzen ikasi dugu, baita etxean egoten ere eta, batez ere, nor bere buruarekin. Ea datorren urtean hori mantentzea lortzen dugun. 

Imanol Arruti (Orio)

Urte berriari 2020ak kendutako aukerak eskatu nahi dizkiot. Musika taldearekin entseguak egiteko aukera, kontzertuak ematekoa, udako festibalak eta txosnetako kontzertuak ikustekoa...

Eskertzekoa da, hala ere, azken hilabeteetan herriak egin duen kulturaren aldeko apustua, nahiz eta lekuak (akustikoki) ez lagundu. 

Hauetan konturatu gara zenbat aldatu den egoera. Nork esango zigun izerdi kirats eta kez betetako aretoetan ikusitako kontzertuen falta izango genuela? Nork esango zigun kontzertu erdian bultzada batez gainera botatako kalimotxo tragoa faltan botako genuela?

Aitor Arregi, Ximel (Aia)

Karkaratik 2021 urteari zer eskatu nahi diodan galdetu didate. Zer eska dezaket? Maitasuna dut, osasuna, lana, dirua, sexua (ze sexu ona! berrogei urtetara iristean, ikasiko duzue gazteak). Denetarik daukat momentu honetan nire bizitzan, ez dut ezer gehiagoren beharrik. Zerbait eskatzearren, ekar diezaiola bikoiztuta niretzat zerbait nahi duenari. Ona edo txarra, ekar diezaiola bikoiztuta beretzat. Egunean egunekoaz gozatzen segi beharra dugu, ez dago datorren urteak zer ekarriko duen zain egoterik, niretzat nahi dudana ekar dezala zuentzat, maitasuna, osasuna, lana, dirua, eta sexu ona, ondo bizi! 

 

Itziar Arregi (Orio)

Nik 2021. urteari eskatzen diodan bakarra da COVID-19 a gure bizitzetatik joatea eta ekartzen dizkigun arazo guztiak ere berarekin joatea. Bakea nahi dut, familia ere ondo joatea nahi dut, oraingoz ondo goaz, osasuntsu, eta hori da garrantzitsuena. Orokorrean, guztiok libre izatea ere eskertuko nuke, egoera honen aurrean oso lotuta ikusten dugulako geure burua.

Xabier Sukia (Orio)

Urte berria bizia bedi eta bekar bizitza. Pasatakoak ahaztu gabe, datozenak bizitzeko gai izan gaitezen. Gure zaharrei entzun, beraiekin egon, egiten  dutena ikusi eta ikasi. Gure seme-alaben jokoak jolas bihurtu eta elkarrekin gozatzen ikasi. Gabonetan mahaian seiko urrean jokatzera behartu gaitu egoerak, ea aurrerantzean nahi beste hamarreko biltzen garen. Urte berriari kantu, bertso, dantza eta lan berriak egingo dizkiogu. Betoz zaharrak maiteko dituzten jaioberriak. Bandera, tanto, gol eta saskiratze berriak. Albiste berriak. Oriotarron elkarbizitza txingartzeko harreman berriak. Gure presoentzat gela eta ohe berriak. Euskaraz hitz eta hiztun berriak. Ez gara inoiz bakarrik joango!