Ander Errasti: “Konpainia ezagutarazi dugu; orain beste proiektu batzuei helduko diegu”

Maria Maya Manterola 2021ko urt. 3a, 17:00

Argazkia: Izaskun Angoitia.

Kimua Dantza Kolektibo sortu berriko kidea da Ander Errasti. Atzo Xabi Solanok eta Kimuak eskainitako emanaldian parte hartu zuen, lesio baten ondorioz hilabete luzez dantzatu gabe egon ondoren. Atzoko emanaldiaz eta dantza konpainia berriaren erronkez aritu da Errasti. 

Lehenbizikoz atzo eskaini zenuten emanaldia?
Aurrez proiektu bat genuen martxan. Nik ez nuen parte hartu, erdi lesionatuta nabilelako, eta beraz, niretzat lehenengoa atzokoa izan zen. 

Lehen beste konpainia batean aritzen ginen, Aukeran konpainian. Xabi Solanok diskoa ateratzen zuenean, konpainia horren bidez egiten genituen kolaborazioak. Orain Kimuak Dantza Kolektiboa sortu dugu, eta Solanorekin kolaboratzeko aukera suertatu zaigu berriz ere. Etxealdiaren ondoren aurkeztu zuten estreinekoz konpainiako kideek, ekainean. 

Bazeneraman denboraldi bat eszenatokira igo gabe, beraz. 
Bai, eskuineko oineko tendoia handituta daukat. Duela hiru urtetik nabil horrela, errehabilitazioan-eta. Zer nuen asmatu zutenerako, eskuineko hankean jarri zait mina. Atzo dantzatzeak ilusioa egiten zidan, eta moldatu genuen ikuskizuna nik ere parte hartzeko. 

Sei dantzari gara, eta seiron artean banatzen ditugu ardurak: batek arropen kontuak eramaten ditu, beste batek koreografiak… egia esan, dena denon artean egiten dugu.

Konpainia berria sortu duzuela aipatu duzu, Kimua. 
Kimua Dantza Kolektiboa, bai. Sei dantzari gara, eta seiron artean banatzen ditugu ardurak: batek arropen kontuak eramaten ditu, beste batek koreografiak… egia esan, dena denon artean egiten dugu. Helburua hori da, gure artean egin eta dantzatzen jarraitzea. Gainera, Xabi Solanoren kolaborazioa konpainia bera ezagutarazteko aitzakia izan zen. 

Gustura geratu zinen emanaldiarekin?
Ni oso emozionatuta nengoen. Azken denboraldian eszenatokira igo gabe egon naiz, eta alde batetik gogoa nuen, baina urduritasuna ere bai, herrian dantzatu behar nuelako. Herrikoen aurrean agertzeak ematen zidan urduritasuna. Gero, lehenengo dantzatik aurrera, gozatzen utzi nion nire buruari, eta lasaitu nintzen. 

Karela kiroldegiko harmailak beteak zeuden.
Berez lehenengo egunean sarrera guztiak saldu ziren, eta jendea ilara egiten egon zen. Atzo esan zidaten, hala ere, bazeudela leku batzuk. 

Ari zarete eszenatokiak berreskuratzen?
Nik uste dut udal eta elkarte ezberdinak ari direla kultura bultzatzeko borrokan. Orion, gainera, abenduko egitaraua potentea izan da, eta eskertzekoa da horren aldeko apustua egitea. 

Ezagutzera eman duzue Kimua Dantza Kolektiboa. Baduzue proiekturik datozen hilabeteetarako?
Proiektu berri bat aterako dugu ekainean. Ideiarekin eta gidoiarekin ari gara orain, kale ikuskizun bat izango da. Xabi Solanorekin kontzertuetan kolaboratzen jarraitzea ere bada asmoa. Alos Quarter soka musikariekin kolaboratzeko proposatu digute, eta urtarrilaren 7an kontzertua dugu Irunen. 

Hori dena ateratzen bada, ondo, baina etorri ahala egingo dugu. Ideiak eta gogoa, behintzat, baditugu. Aukera suertatuko zaigun, ikusi egin behar. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!