"Etxekoek erabat babesten dute harriarekiko dudan afizioa, zorte handia dut horretan"

Iñigo Gaiton 2021ko urt. 12a, 09:57

Udane Ostolatzak bere marka hobetu zuen igandean, 85 kiloko harria altxatuta. Gustura agertu da harri-jasotzaile gaztea, jasoaldiaren aurreko egunetan nerbioak inoiz baino hobeto baretzen asmatu zuelako.

Udane Ostolatza harri-jasotzaileak marka pertsonal berria ezarri zuen igandean. 85 kiloko harria altxatzea lortu zuen kirolari gazteak, Ribabellosan egindako saioan. Izan ere, Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketaren jardunaldia jokatu zen herenegun, eta aizkolariekin batera,harri-jasotzaileak ere aritu ziren lanean.

Ostolatzak 75 kiloan zuen aurreko marka pertsonala, eta orain, hamar kilo gehiago altxatuta ezarri du errekor berria. «Urte bukaeran marka hobetzeko saiakera egiteko asmoa nuen, baina ez nekien ondo zenbat kilokoa, noiz, non...», azaldu du kirolariak. Buruan data finkorik izan gabe, azaroa hasiera aldetik aurrera hasi zen marka berriari begira entrenamendu espezifikoagoak egiten.

Gustura jasoaldiarekin
Ostolatza «pozik» agertu da igandeko jasoaldiarekin; besteak beste, aurreko marka saiakeretan baino lasaiago jardun zuelako. «Buruak garrantzia handia du. Aurreko saiakeretan, bezperako gauetan ere kosta izan zait lo ondo egitea urduritasunaren ondorioz, eta oraingoan hobeto kontrolatu ditut nerbioak», dio oriotarrak. Harri-jasotzailearen esanetan, oso lagungarri zaio etxekoen babesa halako egunetan. «Konfiantza handia ematen didate, erabat babesten dutelako kirolarekiko dudan afizioa», eman du jakitera.

Hala, «gogoz» heldu zion harriari Ribabellosan, eta larritasun handiegirik gabe lortu zuen 85 kiloak altxatzea.  Aurrera begira jarrita, lanean jarraitzeko asmoa du Ostolatzak, hobekuntzarik ikusiz gero «uda edo udazken aldera marka berria ezartzen saiatzeko».

 
 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!