"Ingudearekin ondo moldatu arren, harria da nire lehentasuna"

Iñigo Gaiton 2021ko urt. 21a, 09:20
Gorka Etxeberria, Joseba Ostolaza Harri Eskolaren lokalean. Argazkia: Iñigo Gaiton

Euskadiko Ingude Txapelketa irabazi du Gorka Etxeberria (Orio, 1995) harri-jasotzaileak, eta bigarrengoz jantzi du txapela. Ozta-ozta gailendu zen Abadiñon izandako lehian. 

Larunbatean oso estua izan zen txapelketako finala. Nola bizi izan zenuen? 
Zortzi partaide ginen, eta zozketan hirugarren aritzea tokatu zitzaidan, faboritoen aurretik. Nire txandari ondo ekin nion, eta minuturako, hirurogei aldiz jo nuen goiko txapa. Bukaera aldera, erritmoa jaitsi egin behar izan nuen, eta txapari laurogeita zazpi kolpe emanda bukatu nituen lanak.
Marka ona zela jakin arren, atzetik zetozen biek berdintzeko gaitasuna zutela banekien, eta azken momentura arte ez zen ezer erabaki. Iosu Marturetek ere laurogeita zazpiko puntuazioarekin bukatu zuen  txanda, baina berdinketa denean, lanak aurretik egin dituenarentzat izaten da txapela. Horrela irabazi nuen lehiaketa.

Laurogeita hamarreko marka egitera iristeko gai ikusten al duzu zure burua?
Baietz uste dut, beti ere entrenamendu saio guztiak horretara bideratuz gero. Euskal Herriko txapelketarako bi prestaketa saio bakarrik egin nituen ingudearekin. Nire planifikazioa harri-jasotzera bideratuta dago eta, horrez gain, Gabonen bueltan bi txapelketa izan nituen harriarekin. 
Ingudearekin urtarrilaren 8an eta 11n ibili nintzen probak egiten, eta ondo ikusi nuen nire burua. Izan ere, behin teknika menderatuta izanez gero, eta sasoian egonda, nahikoa erraza da plazan ondo moldatzea. 
Horregatik guztiagatik, oraindik laurogeita zazpi kolpeko marka hobetzeko tartea dudala uste dut, baina horretara jarri eta gehiago entrenatuta.

Eta ba al duzu horretarako asmorik?
Hasiera batean, ez. Hemen ez da ingudean aritzeko afizio handiegirik, eta zaila da entrenamenduak egiteko motibazioa izatea. Ariketa bera ere nahikoa monotonoa dela esan daiteke.
Harrian zentratuta jarraitzea da nire asmoa, ikaragarri gozatzen dudalako. Harri txikiak, handiak, baldarrak... Denetarik dago, eta ez naiz aspertzen.

Minutu eta erdiko lana egin behar izaten da ingudean. Laburra dirudi, baina luze egingo da.
Aurreneko minutuan tira, nahikoa ondo eusten zaio erritmo politari, baina azken segundoetan, hondoa jotzen da; azken hamar segundoetan, zazpi kolpe jotzen dira justu-justuan. Lehertu egiten da gorputza.

Harri-jasotzearekin konparatuz gero, beste mota bateko ahalegina eskatuko dio ingudeak gorputzari.
Ingudearen pisuari erreparatze hutsa nahikoa da horretaz jabetzeko. Guk erabiltzen dugunak 18 kiloko pisua izaten du, eta emakumeenak 10 kilokoa. Azken segundoetan oso nekatuta egon arren, beti izaten da indarra ingudea txapara igotzeko, pisua ez delako handia. 
Harriarekin, berriz, ondo neurtu behar izaten dira indarrak. Nire kasuan, txapelketan erabiltzen dudan harririk txikienak 100 kilo izaten ditu, eta indarrez justu bazabiltza, litekeena da azken jasoaldietan harria altxatzeko indarrik gabe geratzea.
Ingudearen kasuan, bihotzak eta birikiek kristoren betekada hartzen dute kolpetik; oso azkar pasatzen zara hutsetik ehunera.

Zerk ematen dio astindu handiagoa gorputzari?
Harriak higadura handiagoa eragiten dio gorputzari. Adibide bat: harri-jasotzen entrenamendu saio indartsua eginez gero, hurrengo sei edo zazpi egunetan gorputza nekatuta izaten da. Ingudearekin, berriz, larunbatean leher eginda bukatu nuen txapelketa, baina herenegun harriarekin entrenamendua egiteko moduan izan nintzen.
Hala ere, oraindik gorputzean gogordurak ditut larunbateko ahaleginaren ondorioz. Izan ere, ingudea jasotzeko teknika handia izanez gero, hankek bakarrik sufrituko lukete, baina gehienok besoetatik ere asko tiratzen dugu. Sorbaldek eta ukalondoek asko sufritzen dute, txapa jotzeko buruaren paretik gora lan egiteagatik.

Nondik datorkizu inguderako afizioa?
2016ko Gipuzkoako Txapelketarako bi partaide bakarrik zeuden izena emanda, eta hirugarrena behar zuten lehiaketa egin ahal izateko. Jose Ignazio Saizar Luxarbek deitu zidan, parte hartzera animatuz, eta baiezkoa eman nion. Lan polita egin nuen estraineko saioan, eta gerora hobetzen jarraitu dut.

Bitan aurkeztu zara Euskadiko Ingude Txapelketara, eta bietan irabazi duzu. 
Hala da, bai. Dena den, zaila izango da aurrerantzean martxa horri eustea.

Harri-jasotzeari dagokionez, zure ibilbideko zer puntutan zaude? 
Momentu onenean nagoela uste dut. Pena, sasoi betean egonda, urte aldrebes hau tokatu izana. Txapelketa gutxiago jokatu ditugu, eta horrela zaila izaten da entrenatzeko gogoari eustea.

Zer helburu dituzu datozen hilabeteei begira? 
EgurSport etxeak antolatutako hiru harrien txapelketa jokatzen jarraituko dut, eta laster izango dugu hurrengo kanporaketa, 100 kiloko hiru harri desberdinekin. Garai bertsuan, hil honen bukaeran-edo, Gipuzkoako Ingude Txapelketan ere izango naiz. 
Aurrerago, Igeldoko Harrirako ahalik eta ondoen prestatzea da nire asmoa. Egia esan, urteko prestakuntza txapelketa horretara bideratuta antolatzen dut. Udan egiten da, Donostiako Aste Nagusiko aurreneko egunean, eta oraindik falta da denbora pixka bat. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!