ALDIZKARIA

Eragiten, molde berrietara ohituta

Amaia Urbieta Arruti 2021ko urt. 23a, 08:30

Azaroan aurkeztu zuten Esti eta Mikel Markez aita-alaba musikariek Azal berritzen diskoa. Mikelentzat argitaratutako hamahirugarren lana da; Estirentzat, aldiz, berak sortutako abestiak dituen lehena, opera prima. Hamar abesti entzun daitezke diskoan, eta bost egin ditu bakoitzak. Luze eta zabal mintzatu dira beren lanaz eta musikaren industriaren egoeraz. Abestea da bien grina eta desira, baina ez daude beti konforme murgilduta dauden munduak ezartzen dizkien baldintzekin.

Hainbat kolaboratzaile izan dituzte diskoan bidelagun, baina bizkarrezurra Julen Alonso eta Arkaitz Miner musikariekin batera osatu dute. Zuzenekoak ere laurek eskaintzen dituzte, eta bi sortzaileek azaldu dutenez, oreka polita topatu dute elkarren artean. “Arkaitz nire adin ingurukoa da, errenteriarra ni bezala eta, Julen, berriz, Oriokoa, Estiren bueltakoa”, azaldu du Mikelek. Ondo konpontzen dira elkarrekin, eta hori zuzenekoetan asko nabari dela uste du Estik.

Horren gosez daude biak hain zuzen ere: zuzenekoak emateko. Dagoeneko hainbat eskaini dituzten arren, COVID-19a dela-eta ez dago erraza aurreikuspenak egitea. “Orain kontzertuak aste batetik bestera lotzen dira; udalek hala programatzen dituzte. Inork ez daki zer gertatuko den otsailean, hirugarren olatua etorriko den, zenbateko edukierak onartuko dituzten… Dena hankaz gora dago”, esan du Mikelek.

Trabak traba, harrera ona izan du labetik atera berri duten diskoak, eta oso gustura daude horrekin. Batez ere, Oroitzapenek esnatu naute Estiren abestiak izan du arrakasta: “Gure aurreikuspenak gainditu ditu”. Izan ere, urrian igo zuten abesti horren bideoklipa sarera, diskoa aurkeztu baino lehenago, eta dagoeneko entzunaldi mordoa ditu hainbat plataformatan..

Horrek zer hausnartua ematen die aita-alabei egungo musika kontsumitzeko moldeez. “Horrela neurtzen dugu arrakasta. Bai guk, baita programatzaileek ere”, esan du Mikelek. Black Mirror telesail ezaguneko atal batekin alderatu du egoera; atal horretan protagonista arbuiatu egiten du gizarteak nahikoa like ez duelako lortzen. “Hori etorri zaigu gainera”. Batak ez du bestea kentzen, eta Esti oso pozik dago arrakastarekin, baina kritikatzen du zifra guztiak publikoak izate hori. “Entzutera doanak ikusten du abesti bat bestea baino gutxiago entzun dela, eta automatikoki ez du entzungo”, iritzi dio aiarrak.

Urteak eta bilakaera

Gogoan du Mikelek nola bera diskoak ateratzen hasi zenean –1992koa du lehena– urtean zortzi edo hamar disko ateratzen ziren euskaraz, eta lan bakoitza berrikuntza handia izan ohi zen. “Oraingoaren aldean, beste eragin bat zeneukan gizartean. Orain ateratzen dira kontzertu baterako sarrerak eta amaitzen dira berehala, baina, aldi berean, kantari hori askoz eskuragarriago dago, eta eskura dagoena ostikoz jo dezakezu”. Horri lotuta, azaldu du badela halako “soldoutismoaren” lehia moduko bat, pandemiak ekarri duena, eta kritikatu du nola ikusten duen bazter guztietan kontzertuetarako sarrerak agortuta daudela. “Escusa non petita, acusatio manifesta. Zu ari zara esplikatzen inork galdetu ez dizuna”, kritiko mintzo da.

Musikaren mundua aitak beste ez du ezagutu, eta gaurko kontsumo moldeetara ohituago dago Esti. Berak ere ez du gustuko beraien kontzerturako sarrerak agortu direla bazter guztietan jakinarazi beharra, baina onartzen du egin egin behar dutela. “Hori da esatea bezala ez duzula sare sozialik nahi. Ahal duzu egon kontra, baina ez baduzu jartzen bazter guztietan diskoa non erosi, jendeak ez du erosten, ez zarelako ari papila ahora ematen”, dio.

Mikelek uste du “Silicon Valleyrentzat lanean ari diren esklabo zoriontsuak” bihurtu direla. “Eta ezin da gurpil horretatik atera. Hor ez bazaude ez zara existitzen”. Etsian, besteak beste, Spotifyn ere entzungai dago markeztarren diskoa. “Titular batean jartzen badu ‘Esti eta Mikel Markezen disko berria salgai dago’, jendea ari da irakurtzen ‘Esti eta Mikel Markezen diskoa Spotifyn dago entzungai doan’”. Horren kontra tematzea, ordea, “olatuei ez etortzeko esatea” bezalakoa dela uste du errenteriarrak. “Gainditzen gaituen zerbait da. Zertarako tematuko gara buruarekin paretaren aurka jotzen? Guri tokatzen zaigu gure lana ahalik eta txukunen egitea, eta jendeak egingo du nahi duena”.

Dena ukigarria zen garai hura ez du bizi izan Estik, baina berak erosten ditu diskoak, horren aldekoa delako. Dena den, kontsumitzen du sareko plataformetatik ere. “Nire lagunen gehiengoak, adibidez, ez dauka kotxean diskoa entzutekoa, eta askori USB batean pasatu dizkiet nire abestiak. Ulertzen dut jendeak ez erostea diskorik, gu horrela jaio garelako”. Logika horri jarraika, hain zuzen ere, azaldu du musikarien tendentzia berria dela abestiak banaka ateratzea bideokliparekin. “Orain moda da disko bat egiten gastatuko zenukeen kopurua abesti bakarrean gastatzea, eta abestiak banaka igotzea plataformara”.

Bestalde, abeslariek gizartean duten eragiteko moduaz ere hausnartu du Estik. “Orain abeslari batzuk influencer bihurtzen ari dira. Edozein lekutan egonda grabatzen dute aurrean dutena eta, nolabait, beren bizitza saltzen dute jarraitzaileak lortzeko”. Hala ere, aiarrak azaldu du ez zaiola gaizki iruditzen hori egitea; “jendeak nahi duena egingo du”. Horrek, ordea, suposatzen dio presio apur bat musikari gazteari. “Ez dut nahi nire bizitza pribatuaz jakitea milaka pertsonak, horrek errespetua ematen dit. Baina uste dut jarraitzaile gehiago erakartzen dituela eguneroko kontuak igotzeak, eta batzuetan pentsatzen dut gehiago igo beharko nukeela”. Ez daki Estik sare sozialetan aktiboagoa izaten amaituko ote duen, baina gakoa da beretzat egiten ari den horretaz kontzientea izatea. “Ez da ezer txarra influencer modura ibiltzea. Zuk nahi baduzu hori egin, ba oso ondo. Baina, tira, niri ez litzaidake gustatuko nire abestiak jendearengana iristea horregatik”.

Mikel kontziente da hein batean lotuta daudela gaur egun arrakasta eta bizitza digitala, baina ez dago edozertarako prest. “Antolatuko banu zerbait eskandalosoa, asmatuko banu nonbait eman didatela sari bat ez dena existitzen ere, arrakasta edukiko nuke. Kontua da ea prest zauden denari brillantina jartzeko edo zelofanarekin dena estaltzeko. Borroka zail bat da”.

Publiko izatearen albo-kalteak

Sare sozialez ari direla, Estik kontatu du nola gertatu izan zaion jendeagandik gertu egote horren ondorioz-edo, ezezagunen dei edo mezuak jasotzea. “Behin batek nire musika oso gustuko zuela esanez bidali zidan mezu bat. Gero esan zidan ez nuela jarraitzen Instagramean, eta ilusio handia egingo liokeela egingo banu. Nik esan nion ez nuela ezagutzen, ez nion gehiago erantzun eta insistitzen hasi zitzaidan. Gogoa eman zidan argitzeko banituela berari erantzutea baino gauza hobeak egiteko, baina hori egingo banu, izango nintzateke harro bat eta ego handia daukan persona bat”. Gaiaz gehiago dakitenengana jo zuen Estik, eta horiek aholkatu zioten jarraitu beharko lukeela pertsona hori. “Agian harriak botatzen ari naiz nire teilatura, baina ni ez nago ados eta ez dut segituko”.

Kezkatuta eta ardura handiz hitz egiten dute biek gaiaz, beren jardunari erabat eragiten dion zerbait delako. Ez da den-dena txarra ere, ordea. Urteen poderioz euskaraz sortzen den musika kopuruz ikaragarri hazi da, eta positibotzat daukate hori biek. “Nahi baduzu elektronikoa, badaukazu. Nahi baduzu reggaetoia, badaukazu. Nahi baduzu folka, badaukazu. Dena daukazu euskaraz, eta hori oso ona da”, azpimarratu du Estik. Euskarazko sorkuntza horretan ekarpena egiten jarraituko dute aurrerantzean ere aita-alabek, biek berezko duten munduaz hausnartzeko senari bide emanez, izan diskoak kaleratuta, izan Interneteko plataformetan, izan zuzenekoetan. Molde berrietara ahalik eta hobekien egokituta, beti ere, beren printzipioen neurrian.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!