1.304koa da intzidentzia tasa Orion, eta 957koa Aian

Juan Luis Romatet / Aiora LarraƱaga 2021ko urt. 29a, 13:27

Izurritearen hirugarren olatuaren eragina nabarmena da Orion, eta azken astean atzemandako kasuak kontuan izanda, berriro goranzko joera hartu du kutsatu kopuruak:11 kasu berri hauteman zituzten atzo.

Koronabirusaren hirugarren olatuak bete-betean harrapatu ditu Aia eta Orio, eta egoera konplexua da azken horretan. Izan ere, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak kaleratu berri ditu koronabirusaren bilakaerari buruzko datuak, eta ez dira onak. 11 kasu berri atzeman zituzten atzo Orion; aurreko egunetan baino kasu gutxiago izan dira –15 izan ziren asteartean eta 18 asteazkenean–, baina kopuruak handia izaten jarraitzen du. Hori dela eta, hamalau eguneko 100.000 biztanleko positibo metatuen kopuruak gora egin du eta 1.304koa da, bezperan baino 114 puntu handiagoa.  Aian, bestalde, bost kasu berri atzeman zituzten atzo, eta Osasun Sailak emandako datuen arabera, 957koa da intzidentzia tasa.

Grafikoan ikusten denez, izurritearen hirugarren olatuaren eragina nabarmena da Orion, eta azken astean atzemandako kasuak kontuan izanda, berriro goranzko joera hartu du kutsatu kopuruak. Azaroaren erdialdean gogor kolpatu zituen koronabirusak Aian nahiz Orio: 800etik gorako intzidentzia tasa izan zuten Aian, eta 1.300etik gorakoa Orion. Olatu horren ondoren barealdia iritsi zen, eta abenduan zehar kasu gutxi izan ziren. Hala ere, Gabonetatik egunez egun hazten ari da positibo kopurua eta azken astean 15 positibo berri zenbatu dituzte Aian eta 52 Orion. Hain zuzen ere, egoerak okerrera egin ez dezan neurri bereziak hartu ditu Orioko Udalak eta gaurtik itxita daude udal zerbitzuak eta haur-parkeak. Datozen egunetarako aurreikusita zegoen kultur agenda ere bertan behera geldituko da.

Eskualdean 51 kasu

51 kasu izan ziren atzo Urola Kostan, eta Oriorekin batera, Azpeitia eta Zarautz izan ziren kasu gehien atzeman zituzten herriak. Hain zuzen ere, beste hamabost positibo zenbatu zituzten atzo Azpeitian –110 positibo izan dituzte herrian zazpi eguneko epean–, eta 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako intzidentzia tasak milatik gora jarraitzen du: 1.254,93ko tasa zuen atzo Azpeitiak, bezperan baino 72 puntu handiagoa. Zarautzen, berriz, Zarautzen bederatzi positibo izan zituzten, baina eremu horian jarraitzen du kostaldeko herriak.

Oraindik ere itxita jarraituko duen herria Zestoa da. Atzo beste hiru positibo izan zituzten, eta kasu metatuen tasa 1.206,99koa dute. Aian ere gora egin dute kasuek: atzo beste bost positibo izan zituzten. Azkoitian, berriz, zazpi kasu izan zituzten, eta eremu laranjan jarraitzen du 442,29ko tasarekin. 

Eremu gorritik atera den herria Zumaia da. Atzo ez zuten kasurik detektatu, eta intzidentzia tasa 437,57ra jaitsi da. Kontuan hartu behar da orain bi aste 926ko tasa zuela herri honek. Eremu laranjara pasa da, baina oraindik ere datorren astera arte egon beharko dute zain neurri batzuk arintzeko: ostalaritzaren irekiera, adibidez, datorren asteleheneko datuen arabera erabakiko da. Zumaiarekin batera, atzo kasurik izan ez zituzten herriak Aizarnazabal, Beizama eta Errezil izan ziren. Getarian, berriz, kasu bat atzeman zuten.

Kezka Hego Euskal Herrian

Izurriteak ez du etenik, eta Hego Euskal Herrian berriro ere milatik gorako langa pasatu zen atzo: 1.511 positibo eman ziren atzo Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 17.285 proba egin zituzten atzo, eta 1.264k eman zuten positibo, %7,3ko positibotasun tasarekin. Araban 178 kasu izan ziren, Bizkaian 714 eta Gipuzkoan 357; hiru lurralde hauetatik kanpoko beste hamabost lagunek ere positibo eman zuten atzo.

Ospitaleratuei dagokionez, atzo beste 86 lagun ingresatu zituzten Osakidetzako erietxeetan COVID-19ak eragindako gaixotasunekin. Gorantz egin du berriro ere ZIUetan ingresatutakoen kopuruak: 140 lagun zeuden atzo unitate hauetan, bezperan baino hiru gehiago.

Nafarroan, berriz, Foru Gobernuak emandako behin-behineko datuen arabera, 247 positibo izan ziren. Bezperan baino hamazazpi kasu gehiago dira, baina duela zazpi egun baino 58 gutxiago.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!