Aia ere itxi egingo dute bihartik aurrera

Karkara 2021ko ots. 1a, 13:20

Orion 10 positibo detektatu ditu Osakidetzak asteburuan, eta 1.304,63koa da intzidentzia tasa. Aian kasu bakarra atzeman dute, baina bihartik aurrera itxi egingo da herria, Eusko Jaurlartizak emandako informazioaren arabera.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun sailak eguneratu ditu izurritearen inguruko datuak, eta horien arabera, herrian 10 kasu detektatu dituzte asteburuan: 8 ostiralean, eta bana larunbatean eta igandean. 1.304,63koa da intzidentzia tasa herrian, eta oraindik, kostako da 500eko langa jaistea.

Aiari dagokionez, positibo bakarra detektatu dute asteburuan, baina bihartik aurrera itxita egongo da herria. Horren ondorioz, ostalaritzak ateak itxi beharko ditu, eta ezingo da taldean kirolik egin. Eskola kiroleko jarduerak ere bertan behera geratu beharko dute.

Urola Kosta eskualdean, 90 kasu zenbatu dituzte denera azken hiru egunetan egindako PCR eta antigeno testetan. Azpeitian kasuak etenik gabe ari dira zenbatzen, eta eskualdeko positiboen herena baino gehiago han atzeman dituzte. Ostiraletik igandera bitartean beste 35 positibo zenbatu dituzte: hamazazpi ostiralean eta bederatzina larunbatean eta igandean. Intzidentzia tasa 1.320,63koa da Azpeitian.

Zarautzen, bestalde, eremu laranjan sartu dira asteburuan hamazazpi kasu baieztatu ondoren; zazpi zenbatu zituzten ostiralean, eta bosna larunbatean eta igandean. 265,56koa zen intzidentzia tasa han ostiralean, baina nabarmendu egin du gora, eremuz aldatzeraino; orain 312,67koa da tasa.

Zumaian, aldiz, Zarautzen baino kasu bat gutxiago zenbatu dute: hamasei guztira. Ostiralean itzuli zen Zumaia eremu gorritik laranjara 437,57ko tasarekin, baina asteburuko kasuen ondoren berriz ere gora egin du intzidentzia tasak; 478,27koa da tasa egun. Ostiralean zazpi kasu hauteman zituzten Zumaian, bost larunbatean eta lau atzo, igandea. Zumaian ostalaritza guneek ateak irekitzeko aukera izango dute biharko aurrera, eta kirola taldean egin ahal izango da, eskola kirola barne.

Eskualdeko gainerako herriei erreparatuta, Azkoitian sei kasu zenbatu dituzte, bi ostiraleko probetan eta lau atzo, igandean. Eremu laranjan jarraitzen dute Azkoitian, baina intzidentzia tasa 425,60koa da. Zestoan, berriz, lau kasu positibo baieztatu dituzte ostiraletik atzora bitartean. Kasuen erdiak ostiralean zenbatu zituzten, eta bana larunbatean eta igandean. Getarian, ostera, kasu bakarra atzeman dute. Aizarnazabalen, Beizaman eta Errezilen, bestalde, ez dute kasu berririk hauteman.

Kopuru altuetan

Hego Euskal Herrian berriz 1.114 kasu berri zenbatu zituzten atzo, igandea. 11.632 test egin zituzten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta 952 kasu berri atzeman zituzten; positibotasun tasa, beraz, %8,2an kokatu zen. Lurraldeka aztertuta, beste behin Bizkaian baieztatu zituzten kasu gehien: 474 kasu positibo; Gipuzkoan, 317 kasu positibo; Araban, 149 kasu positibo. Horrez gain, hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren beste hamabi laguni ere positiboa atzeman zioten. Nafarroan, ostera, 2.993 PCR eta antigento test egin zituzten atzo, eta 162 kasu berri zenbatu zituzten. Hori horrela, positibotasun tasa %5,4koa izan zen lurralde horretan.

Erietxeen egoeraren berri ere eman du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren txostenak. Atzo, beste 53 lagun ospitaleratu zituzten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Gaur-gaurkoz 632 pertsona daude hiru lurralde horietako erietxeetan ospitaleratuta. Zainketa berezia behar duten pertsonak, aldiz, 160 dira. Gaixotasunaren oinarrizko birsorkuntza tasa edo R0 indizea zenbatekoa den ere jakinarazi du Osasun Sailak. Hiru lurraldeen batez bestekoa 1,03ekoa da; Gipuzkoakoa, berriz, 1,07ekoa.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!