Zazpi kasu berri detektatu dira Orion azken orduetan

Dorleta Agiriano Lai 2021ko ots. 4a, 13:23

1255,71ko intzidentzia tasa du Oriok gaur gaurkoz, atzo baino zertxobait altuagoa. Aian, berriz, ez dute positiborik atzeman.

Egun batzuetan positibo kopuru baxuagoa izan eta gero, Osakidetzak 7 kasu detektatu zituen atzo Orion. Horren ondorioz, intzidentzia tasak gora egin du berriro, gutxi bada ere: 1.223,09koa zen atzo, eta 1255,71koa da orain, hain zuzen ere. Horregatik, eremu gorrian sartuta jarraitzen du herriak, eta oraingoz, oso urruti du 500eko langa. Aiari dagokionez, azken orduetan ez da positiborik izan, baina herriak itxita jarraitzen du.

Eskualdeari dagokionez, gaurkoz bada ere datuek arnas pixka bat hartu dutela dirudi. Herenegungo 40 kasu baieztatuen ostean, atzo hamasei lagunek eman zuten positibo Urola Kostan. Une honetan bi herri daude eremu gorrian, Azpeitia eta Orio, eta hiru eremu laranjan; hain zuzen, Azkoitia, Zarautz eta Zumaia.

Azpeitian 1169,51koa da hamalau egunetako kasu metatuen tasa. Dena den, behera egin du tasak –1.268,07ko zen atzo– nahiz atzemandako positiboen kopuruak –hiru kasu izan ziren atzokoan, eta hamabi herenegun–.

Azkoitian, Zarautzen eta Zumaian parekoak izan ziren atzoko datuak, bina kasu positibo baieztatu baitzituzten hiru herrietan. Guztiak daude eremu laranjan, baina guztietan egin du behera intzidentzia tasak. Zumaia da eremu gorritik hurbilen dagoena 468,10eko tasarekin; 408,91koa da Azkoitian, eta 321,24koa Zarautzen.

Zestoan kasu bakarra izan zen atzo, baina eskualdeko gainontzeko herrietan –Beizama, Errezil, Aizarnazabal eta Getaria– ez zen emaitza positiborik izan.

1.236 kasu Hego Euskal Herrian

Eskualdean atzoko emaitzak pozgarriak izan badira ere, Hego Euskal Herrian gora egin du detektatutako positiboen kopuruak: atzo 1.236 kasu izan ziren –144 Araban, 544 Bizkaian, 320 Gipuzkoan eta 228 Nafarroan–, herenegun baino 179 gehiago. Koronabirusa hautemateko proba gutxiago egin ziren atzo, gainera: 18.907 proba, herenegun 19.986 proba egin ostean.

Atzo 84 pertsona ospitaleratu zituzten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan koronabirusagatik, eta une honetan 156 lagun daude ZIUn, atzo bezainbeste.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!