Gutuna: Ez da onargarria, goazen salatzera!

Karkara 2021ko ots. 6a, 10:17
Urtarrilaren 30ean elkarretaratzea egin zuten

Otsaileko KARKARAn Irriparra berreskuratu! Orioko errausketaren aurkako herri mugimenduak, Herrio Natur Taldeak eta Talai Mendi Elkarteak sinatutako gutuna argitaratu dugu. Paperean jaso den iritzi artikulua, ordea, ez da zuzena, eta jarraian irakur daiteke behin betiko bertsioa. KARKARAk barkamena eskatu nahi die gutuna sinatu duten talde eragileei.

Mundu osoko arazo larrienetako baten inguruan ari gara: hondakinen kudeaketaz. Gipuzkoan bereziki azken urteetan behin eta berriz mahai gainean izan den gaia. Zubietako erraustegia Europako sistemarik aurreratuenetariko bat dela esanez dabiltza hainbat politikari. Are gehiago, erraustegien artean eredugarria dela. Gauza batzuk ez dizkigute esan ordea. Munduko toki askotan irtenbide desegokia izateagatik erraustegiak bertan behera uzten ari dira. Argentinan, Australian, Irlandan, Italian 12. Nafarroan, Valentzian eta Madrilen ere bai (Valdemingomez, 2020an eraikia, 2025ean itxiko dute). Modernitatearen gaiarekin jarraituz, Erraustegiak frogaldi-epean sortutako kutsadura, agindutako mailaren gainetik egon da, zehatz mehatz partikula kontrolarekin eta nitrogeno oxidoarekin izandako arazoengatik. 2019ko ekainean proban jarri zutenetik, lau istripu inportante izan ditu Zubietako erraustegiak. Ekainean, transformadorean bi ezbehar izan zituzten eta irailean berriz ere arazoak eman zituen transformadoreak. Bestalde, GuraSOS plataformak salatu izan du labea homologatu gabe ari direla probak egiten Zubietan. Iazko maiatzean, erraustegitik amoniakoa isuri zuten Arkaitzerrekara, eta ikerketa zabalik da, delitu ekologikoa leporatuta.

Honekin batera esan behar da erraustegi honetan substantziarik kutsakorrenak modu jarraian neurtzen ez direnez, inguruko lurrak eta elikagaiak etengabe kutsatzen ari direla, Orioko lurrak eta Oria Ibaia tarteko.

Bitartean, Gipuzkoako Ahaldun Nagusia eta ingurumen eta obra hidraulikoetako diputatua, Gipuzkoan lortutako birziklatze-tasarengatik harro agertu ziren non EAJk eta PSEk agintzen duten udaletan batez besteko birziklatze-tasarik apalenak dituzten. Donostia da Gipuzkoan urteko errefus gehien sortzen duen hiria, pertsonako 240kg inguru, Gipuzkoako %25. Aia ere ez da atzera geratzen. Oriok urteko 170kg errefus pertsonako sortzen ditu gutxi gora behera. Usurbil edo Arrasaten 80kg inguru sortzen dituztelarik.

Instituzioetatik erreketako bizia hilda azalduta ere, informazio garbirik iristen ez zaigun une honetan, bakoitzari dagokion heinean, Orioko, Urola kostako eta Gipuzkoako botere guneetan zabiltzaten agintariei, antzerkiak, atzera pausoak, patrika betetzeak eta arduragabekeriak utzi eta gure ingurugiro osasuntsua lehenesteko eskatzen dizuegu. Bizi dugun klima egoera larriari begira lotsagarria baita zuen arduragabekeria.

Gipuzkoan urteak goaz zabor kudeaketen gainean esperimentatzen eta ez da onargarria 3 aldameneko herriek hain emaitza ezberdinak izatea.

Sinatzaileak:
Irriparra berreskuratu! (Orioko errausketaren aurkako herri mugimendua)

Herrio Natur Taldea

Talai Mendi Elkartea

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!