Positibo bakarra detektatu dute Orion azken orduetan, eta Aian bat ere ez

Karkara 2021ko ots. 9a, 13:16

Oraindik tasa altuarekin jarraitzen du Oriok; 1.255,7koa da zifra, gaur gaurkoz. Urola Kostan azken egunetako positibo kopuru txikiena detektatu dute: bederatzi izan dira guztira.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak eguneratu ditu izurritearen gaineko datuak. Horien arabea, Oriok positibo bakarra detektatu dute azken orduetan. Intzidentzia tasak, ordea, altua izaten jarraitzen du herrian, atzotik 33 puntu bakarrik jaitsi delako, eta eremu gorrian jarraituko du Oriok oraindik ere, 1.255,7ko tasarekin. Aiari dagokionez, ez dute positiborik atzeman, baina herriak itxita jarraitzen du.

Eskualdeko datu orokorrei erreparatuz gero, denboralea baretzen ari dela dirudi. Bederatzi kasu detektatu zituzten atzo Urola Kostan, eskualdeko bost herritan banatuta; beste zazpi herrietan ez zen positiborik izan atzo. 

Bederatzi kasu horietatik ia erdiak, lau, Azpeitian detektatu zituzten. Egun batetik bestera 65 puntuan jaitsi da 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako intzidentzia tasa, herenegun izandako 873,85etik atzoko 808,15era. Eremu gorria uztetik hurbilago dago Urola erdiko herria.

Beste positiboak Zestoan –bi–, eta Azkoitian eta Zarautzen zenbatu zituzten; bi herri hauetan kasu bana izan zuten, eta eremu laranjan jarraitzen dute bi herriek. Zumaiak ere laranjan jarraitzeko pauso handia eman zuen atzo: ez zuten kasurik baieztatu herrian, eta tasa 366,34ra jaitsi da. Herenegungo tasarekin alderatuta 41 puntu txikiagoa du gaur egun Zumaiak. Aizarnazabalen, Beizaman, Errezilen eta Getarian ez zituen Osakidetzak positiborik atzeman atzo.

Mila positibotik behera Hego Euskal Herrian

Olatua badirudi Hego Euskal Herritik urrutiratzen hasi dela. Atzo ere mila positibotik behera izan ziren lau lurraldetako datuak batu ondoren.

Osakidetzak emandako datuen arabera 723 kasu detektatu zituzten egindako 12.320 probatan, %5,9ko positibotasun tasarekin. Bezperako kopurua baino handiagoa da, baina PCR eta antigenoen proba gehiago ere egin zituzten atzo. Araban 99 positibo izan zituzten, 399 Bizkaian, 216 Gipuzkoan eta beste lurralde batzuetako beste bederatzi kasu. 93 lagun ospitaleratu zituzten, eta 157 lagun zeuden ZIUetan, bezperan baino zazpi gutxiago.

Nafarroan, kutsatzeek gora egin dute berriro Nafarroan, bi egunez 100etik behera egon ondoren. Astelehen honetan 138 kasu atzeman dituzte, Foru Gobernuaren behin-behineko datuen arabera. Astelehenean 2.883 proba diagnostiko egin zituzten , eta horietatik %4,8 positibo izan dira. Horrenbestez, positibotasun tasa berdin mantendu da.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!