Bi positibo detektatu ditu Osakidetzak Orion azken orduetan

Andoni Elduaien 2021ko ots. 10a, 13:32

Orioko intzidentzia tasak behera egin duen arren, oraindik milatik gorakoa da zifra: 1.043,71, hain zuzen ere. Aian ez dute kasurik atzeman azken orduetan.

Eusko Jaurlaritzak kaleratu berri du pandemiaren inguruko eguneroko txostena. Osasun Sailak jakinarazi duenez, Orion bi positibo detektatu dituzte azken orduetan, eta intzidentzia tasa 1.043,71n kokatu da. 1.255,7ko tasa zuen atzo Oriok, beraz, behera egin du atzotik. Aian, aldiz, ez dute kasurik atzeman.

Eskualdeari dagokionez, denera 21 kasu positibo gehiago baieztatu zituzten atzo, asteartea, egindako PCR eta antigeno probetan. Herenegun egindako probetan baino 11 kasu positibo gehiago atzeman dituzte, beraz, atzo.

Kasuen gehiengoa Zarautzen zenbatu zuten; izan ere, zortzi kasu positibo hauteman zituzten han. Pixkanaka-pixkanaka Zarauzko azken hamalau egunetako 100.000 biztanleko kasu metatuen tasa goraka doa, 346,94an kokatu baita azken positiboekin. Zarautzen ondoren, Zumaia da kasu positibo gehien zenbatu dituzten eskualdeko bigarren herria. Lau kasu berri detektatuta, 366,34 da Zumaiako intzidentzia tasa, eta hori horrela, intzidentzia tasa berdin mantendu da Zumaian.

Azkoitian eta Azpeitian, bestalde, hiruna kasu positibo hauteman zituzten atzoko probetan. Azpeitiak eremu gorrian jarraitzen du, eta intzidentzia tasak gora egin du zertxobait atzotik. 808,15ekoa zen zenbatekoa atzo Azpeitian, eta gaur 814, 72koa da. Azkoitian, berriz, eremu laranjan sartuta daude azken asteetan, eta intzidentzia tasak ez du gorabeherarik izan atzoz geroztik; 325,46an mantendu da hiru kasu positibo atzemanda.

Zestoan, aldiz, kasu positibo bakarra baieztatu zuten atzo, eta intzidentzia tasa 487,93an dago gaur-gaurkoz. Aizarnazabalen, Beizaman, Errezilen eta Getarian ez zuten kasu positiborik zenbatu. 

Beheranzko joera

Hego Euskal Herrian kasu positiboak apaltzen hasita daude, baina halere herengun baino kasu gehiago zenbatu zituzten atzoko probetan, guztira 835 kasu positibo zenbatu baitzituzten. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 13.437 PCR eta antigeno test egin zituzten, eta 748 kasu positibo atzeman zituzten. Hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren beste hamahiru pertsonari ere detektatu zioten positiboa. Positibotasun tasa, beraz, %5,5ekoa izan zen atzo. Nafarroan, aldiz, 87 positibo zenbatu zituzten atzo egun osoan zehar egindako 3.042 probetan. Positibotasun tasa %2,9koa izan zen atzo han.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 547 pertsona daude gaur-gaurkoz erietxeren batean ospitaleratuta, horietatik 165 Zainketa Intentsiboen Unitatean (ZIU). Atzo, gainera, 99 lagun ospitaleratu zituzten hiru lurraldetako erietxeetan. Gaixotasunaren oinarrizko birsorkuntza tasa edo R0 indizea, berriz, 0,85ekoa da hiru lurraldeetan. Azken astean, berriz, 99 pertsona hil dira gaixotasunari lotuta. Ostegunero bezala, Eusko Jaurlaritzak bihar gainbegiratuko ditu berriro herriz herrikako intzidentzia tasak.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!