Positibo bakarra detektatu da Orion azken hiru egunetan, eta intzidentzia 472,93ra jaitsi da

Anartz Izagirre 2021ko ots. 15a, 13:26

Orio eremu gorritik atera da, intzidentzia tasa 500eko langatik jaitsi delako. 1.288,32koa zen lehengo astelehenean, eta gaur gaurkoz 472,93koa da. Aiari dagokionez, ez da positiborik izan azken orduetan.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak azken hiru egunetako positibo kopuruen emaitzak plazaratu ditu, eta azken asteetako daturik baikorrenak izan dira orokorrean. Orion positibo bakarra detektatu dute azken hiru egunetan, eta intzidentzia tasa 472,93ra jaitsi da. Egun luzez egon da herria eremu gorrian, eta orain, 500eko langatik jaitsi da zifra. Aiari dagokionez, ez dute positiborik atzeman azken egunetan.

Eskualde mailan, datuak aspaldiko onenak izan dira. Izan ere, ostiraletik igandera bitartean hamalau herritarrek bakarrik eman zuten positibo Urola Kostan egin ziren PCR eta antigeno probetan, joan zen asteko asteburuan baino bederatzi pertsona gutxiagok, hain justu. Daturik esanguratsuena da gaur-gaurkoz ez dagoela eskualdeko herririk eremu gorrian.

Azken hiru egunetan positibo gehien Zarautzen hauteman dituzte, sei —ostiralean bi, herenegun hiru eta atzo bat—, eta 100.000 biztanleko hamalau egunetako tasa 316,9 da uneotan. Joan zen astelehenean 329,81eko tasa zuten herri hartan; beraz, tasak apur bat behera egin du astebetean. Kasurik gehien zenbatu dituzten eskualdeko bigarren herria Azpeitia izan da; ostiralean kasu bat zenbatu zuten, larunbatean bi eta atzo bat ere ez. Astebetean nabarmen egin dute behera positiboek Azpeitian, eta gaur-gaurkoz 420,50eko intzidentzia tasa dute. Joan zen astelehenean 873,85ekoa zen tasa, eta eremu horrian zegoen herria; beraz, jaitsiera agerikoa izateaz gain pozik egoteko moduan dira azpeitiarrak, hainbat aste eremu gorrian egon ostean eremu laranjara igaro baitira.

Azken hiru egunetan kasu positiboak egon diren beste herriak Azkoitia, Errezil, Zestoa eta Zumaia izan dira. Herri horietan positibo bana zenbatu dute ostiraletik igandera bitartean. Azkoitia da eskualdeko 5.000 biztanletik gorako herrietan intzidentzia tasarik baxuena duen herria; 166,90 da hango tasa eta eremu horian dago. Bestalde, Zumaia ere eremu horian dago 213,70eko tasarekin; horrez gain, Zestoan 487,93ko tasa dute eta Errezilen 161,03koa. Aizarnazabalen Beizaman eta Getarian ez da kasurik izan azken hiru egunetan.

Hego Euskal Herrian, argia

Osakidetzak eta Osasunbideak emandako datuen arabera, Hego Euskal Herrian ere positiboen kopurua beheranzkoa izan zen atzo. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, guztira, 418 kasu zenbatu zituzten, horietatik 270 Bizkaian izan ziren, 91 Gipuzkoan, 51 Araban eta sei hiru lurralde horietatik kanpo. Guztira, 7.550 PCR eta antigeno proba egin zituzten atzo hiru lurralde horietan, eta positibotasun tasa %5,5ekoa da. ZIUetan, berriz, 170 pertsona daude ospitaleratuta gaur-gaurkoz, eta, atzo, 38 ospitaleratze izan ziren Osakidetzan.

Nafarroan, berriz, 1.202 PCR eta antigeno proba egin ziren atzo eta 48 pertsonak eman zuten positibo. Joan zen uztailaren 30etik lurralde historiko horretan hautematen duten daturik apalena da atzokoa, eta %4ko positibotasun tasa dute uneotan.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!