Bi kasu berri atzeman dituzte Aian, azken orduetan, eta bat bera ere ez Orion

Karkara 2021ko ots. 24a, 13:26

Azken lau egunetan ez dute kasu berririk atzeman Orion eta intzidentzia tasa 195,69koa da.

Eskualdean bare jarraitzen du egoerak. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak kaleratu berri duen txostenaren arabera, atzo, guztira, hamahiru positibo eta 17 zenbatu zituzten eskualdean; horietatik bi Aian. Herenegun baino zazpi gehiago dira, baina, hala ere, bilakaera ona da, intzidentzia tasak beherantz egin baitu 5.000 biztanletik gora herri gehienetan. Orion, esaterako, azken lau egunetan ez dute kasu berririk atzeman eta 195,69koa da tasa.

Egoerarik onena Azkoitian dute. Atzo ez zuten positiborik atzeman han, eta 58,42ko intzidentzia tasarekin, eremu berdera pasatu da herria. Eremu horretan sartzen den eskualdeko lehen herria da, gainera. Horian jarraitzen dute, berriz, Azpeitiak, Oriok, Zarautzek eta Zumaiak. Azpeitian eta Zarautzen hiruna positibo baieztatu zituzten atzo eta 197,11eko eta 209,88ko intzidentzia tasak dituzte, hurrenez hurren. Azpeitikoa mantendu egin da eta Zarautzekoa zertxobait jaitsi. Zumaian positibo bat atzeman zuten atzo eta 172,99koa da intzidentzia tasa. Atzoko beste bi positiboak Zestoan hauteman zituzten. Gainontzeko herrietan ez da positibo berririk izan.

Hego Euskal Herrian, bostehundik behera

Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak jakitera eman dituzten datuen arabera, atzo, orotara, koronabirusa detektatzeko 11.926 proba egin zituzten eta horietatik 470ek eman zuten positibo; %3,9k beraz. Lurraldeka, Bizkaian zenbatu zituzten positibo gehien, 233; Gipuzkoan 103 izan ziren; eta Araban eta Nafarroan 65na.

Erietxeetako presioa ere jaisten ari da pixkanaka-pixkanaka. Atzo 44 lagun ospitaleratu zituzten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erietxeetan eta, gaur-gaurkoz, 465 dira ospitaleratuta dauden herritarrak; horietatik 132 Zainketa Intentsiboen Unitateetan (ZIU). Herenegun 494 lagun zeuden Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ospitaleetan, atzo baino 29 gehiago.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!