Koronabirus kasu berri bat atzeman dute Orion azken orduetan

Maria Maya Manterola 2021ko ots. 25a, 14:16

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ez du positibo berririk atzeman Aian.

Urola Kostan apaltzen ari da kasu positiboen kopurua. Osasun Sailak kaleratu berri duen txostenaren arabera, atzo zazpi positibo zenbatu zituzten eskualdeko herrietan egindako PCR eta antigeno probetan, horietako bat Orion. Positibo berriarekin azken egunetan joera hautsi da, larunbatetik asteartera bitartean ez zelako kasurik atzeman, baina egoera ona da oraindik; hain zuzen ere, 179koa da intzidentzia tasa herrian.  Aian, bestalde, ez dute positibo berririk atzean

Eskualdeko gainontzeko herriei erreparatuz gero, Azkoitian positibo bat zenbatu zuten atzo; bi herenegun. Intzidentzia tasak zertxobait gora egin du, eta eremu berdetik horira pasatu da atzera; hala ere, 5.000 biztanletik gorako eskualdeko herrien artean intzidentzia tasarik baxuena du: 66,76koa da tasa. Eremu horian jarraitzen dute Azpeitiak, Oriok, Zarautzek eta Zumaiak ere. Zarautzen positibo bat zenbatu zuten atzo, eta 175,61eko intzidentzia tasak dute. Azpeitian ez zuten kasu positibo bat bera ere zenbatu, eta beraz, behera egin du nabarmen tasak; 170,83koa da gaur. Zumaian, berriz, bi positibo atzeman dituzte, eta hamar puntu igo da tasa –172,99koa zen atzo; 183,17koa gaur–. Gainontzeko bi positiboak Getarian eta Zestoan atzeman zituzten, bana herri bakoitzean. Gainontzeko herrietan ez da positibo berririk izan.

Positibotasuna %4tik behera

Hego Euskal Herriko datuak ere jakinarazi dituzte Osasun Sailak eta Osasunbideak. Guztira, 11.916 proba egin zituzten herenegun, eta horietatik 468k eman zuten positibo. Emaitza positiboen ehunekoa, beraz, % 3,9koa da Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan. Lurraldeka, Bizkaian zenbatu zituzten positibo gehien, 233. Gipuzkoan 103 izan ziren atzemandako positiboak, Araban 65 eta Nafarroan 63. 

Erietxeetan ere hobera egin du egoerak, eta jaisten ari da presioa. Osakidetzan gaitza larriagotuta ospitaleratutakoak guztira 332 dira; horietatik 57 ospitaleratu zituzten herenegun. Zaintza Intentsiboen Unitatean daude 129, atzo baino hiru gutxiago.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!