PAPEREKOA

"Korrika ari naizenean libre sentitzen naiz"

Karkara 2021ko ots. 28a, 15:30

Gero eta jende gehiago aritzen da korrika, bai kalean, bai mendian. Orion eta Aian ere islatu da fenomeno hori, eta KARKARAk bi herrietako korrikalariengana jo du, kirolaren berezitasunak ezagutzeko. Orioko Atletismo Eskolakoen, Orioko eta Aiako mendi lasterketen antolatzaileen, Aiako emakume korrikalari taldearen eta hainbat norbanakoren iritziak bildu dira erreportajean.

MIKEL USANDIZAGA - Mendi lasterkaria

Gero eta jende gehiago ikusten da mendian korrika. Zer du kirolak hainbeste jende kateatzeko?
Nire ustez, deskonexioa da mendian korrika ibiltzearen gauzarik onena, naturan erabat murgilduta izaten den lasaitasuna. Nire kasuan behintzat, libre sentitzen naiz korrika ari naizela. Momentu ederrak izaten dira, sufrimendua, lokatza, parajeak etab.ek bat egiten dutenean. 

Garai aldrebesotan, are gehiago baloratuko da mendiak ematen duena.
Bai, guztiz. Mendian korrika egin eta gero gozo-gozo egoten naiz etxean, bakean. Aldapa gora eta behera botatzen ditut nire urduritasun eta eguneroko bizitzako kezka guztiak. 

Hemen bizita, entrenatzeko toki onak al daude inguruan?
Orion, Kukuarriren bueltan daude ibilbiderik onenak, baina erritmoa hartu eta kilometro asko egiteko ez da inguru aproposena. Aian, adibidez, aukera gehiago dago horretarako Pagoeta eta Hernio aldera jota. 

Zein da zure toki kuttuna?
Kukuarri, dudarik gabe. Orduak eta orduak egiten ditut han bueltaka. 

Kirol sufritua al da?
Hasieran bai. Nire kasuan, aurreneko lasterketak hanka-pelotak igota bukatzen nituen. Gero, ordea, pixkanaka indarra hartzen da hanketan, eta errazago joaten zara, erritmoa hartuta, eta gehiago gozatzen da. 

Teknika handia behar izaten al da mendian gora eta behera azkar ibiltzeko?
Egia esan, nire entrenamenduak esparru fisikoari begira egiten ditut, seriak-eta eginez, eta ez dut teknikarik lantzen. Ibiliarekin asko ikasten da, eta orduak sartu ahala erosoago eta seguruago ibiltzen zara aldapan behera.  

Kirol arriskutsua al da?
Gu ibiltzen garen mailan, ez. Ez dut inoiz lesio larriegirik izan, eta ingurukoek ere ez. Lasterketetan-eta golpeak hartzen dira, baina ez dut eroriko handiegirik izan. 

Non lortu duzu orain arteko posturik onena?
Iazo udan lasterketa bat egin zen Bizkaian, eta hirugarren egin nuen 150 lasterkariren artean. 2020an, izurritea hasi baino lehentxeago, laugarren sailkatu nintzen Zarauzko proban. Sasoi betean nengoela hasi zen osasun krisia. 

Zer amets duzu mendi lasterketei dagokionez?
Zegama-Aizkorri egitea gustatuko litzaidake, behin bada ere. Ikaragarria da han izaten den giroa, eta mendian 42 kilometro egitea erronka latza den arren, gustura prestatuko nuke.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!