PAPEREKOA

"Luxua da Kamelekin entrenatu ahal izatea"

Karkara 2021ko ots. 28a, 15:00

Gero eta jende gehiago aritzen da korrika, bai kalean, bai mendian. Orion eta Aian ere islatu da fenomeno hori, eta KARKARAk bi herrietako korrikalariengana jo du, kirolaren berezitasunak ezagutzeko. Orioko Atletismo Eskolakoen, Orioko eta Aiako mendi lasterketen antolatzaileen, Aiako emakume korrikalari taldearen eta hainbat norbanakoren iritziak bildu dira erreportajean.

ANDER EXPOSITO- Korrikalaria

Zenbat urte dira korrika egiten hasi zinenetik? 
Lauzpabost, gutxi gora behera. Futbola utzi egin nuen, lesioak eta lan-kontuak tarteko, eta korrika egin hasi nintzen, nolabait, kirola egiten jarraitzeko. Hala, Behobia-Donostia lasterketan parte hartu nuen. 

Denbora ona egin al zenuen?
Ordu bat eta hogeita zazpi minutuan bukatu nuen ibilbidea, baina kristoren beroa egin zuen urte hartan. Gerora, hobetzen joan naiz, eta azken karreran ordu bat eta bederatzi minutuan helmugaratu nintzen. Ikaragarria izan zen niretzat ordu bat eta hamar minututik jaistea.  

Zure kabuz entrenatzen hasi zinen, baina orain, taldean ibiltzen zara Kamel Zianiren gidaritzapean.  
Duela urte eta erdi edo sortu genuen taldetxoa. Egia esan, luxua da Kamelekin entrenatu ahal izatea. Erreferentea da Estatu mailan. Dakien guztiarekin, punta-puntako atletak entrenatzeko aukera izango luke, baina hemen jarraitzen du, haurrekin, gaztetxoekin eta gu bezalako afizionatuekin, herriari ekarpena eginez. 

Zer da harekin ikasi duzuen gauzarik handiena?
Atletismoaren mundua guk uste genuena baino zabalagoa dela. Orain konturatu gara gure kabuz entrenatzen hasitakoan zer gutxi genekien, ia ezer ez. Korrika egiteak ariketa sinplea dirudi, baina oso zaila da teknika ona izatea, ez bada umetatik lantzen. Bestalde, Kamelek erakutsi digu atletismoa kirol gogorra dela, ez da eskertua, eta taldeak aritzeak garrantzia handia duela, bestela oso kirol bakartia bihurtzen delako. 

Asteburuetan, goizean goiz sarri, denak emanda ibiltzen zarete herrian bueltaka Jokin Bellido, Ibai Makazaga, Aitor Rubio, zu zeu… Nork du "aberiarik" handiena?
Makazagak! Kar kar kar Harrigarria da sufritzeko duen gaitasuna. Bellidok kalitate handia du korrika, baina Makazaga aurkari gogorra da lasterketetan. Oso zaila da atzean uztea, duena baino gehiago ematen duelako beti, akabatu arte. 

Osasunari dagokionez, zer esaten dizu gorputzak azken urteetan?
Korrika egiten hasi nintzenetik osasuntsuago bilatzen dut nire burua. Aldaketa onerako izan dela esango nuke. Osasun fisikoaz gain, psikologikoki ere indartsuago izaten ikasi dut, atletismoan asko sufritzen delako. Kirolaren gauza onenetakoa da sufritzen ikasteko aukera izatea. Korrika egiteak nire burua hobeto ezagutzen lagundu dit. 

Marra fina izango da sufrimenduaren eta gozamenaren artekoa. 
Bai. Korrika, buruan duzun helburua edo marka betetzera zoazela ikusten duzunean, gozamena handia izaten da, momentu horretan gorputza muga-mugan izan arren. Kontraesana dirudien arren, sufrimendu handiko momentuetan bizi daitezke gozamen unerik handienak ere. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!