"Printzesak eta printzeak" protagonista, Esti Markezen kantu berrian

IƱigo Gaiton 2021ko mar. 4a, 15:51

Bart gauean eman du argitara Markezek 'Printzesak eta printzeak' abestia. Olatz Salvador eta Sara Azurzaren kolaborazioa izan du pieza berrian, eta kantuaren hitzak Alaia Martinek eginak dira.

Gauerditik dago entzungai Esti Markezen 'Printzesak eta printzeak' abestia. Abeslariak hainbat musikariren kolaborazioa izan du oraingo honetan. Bideoan ikus daitekeen modura, ondoan izan ditu Olatz Salvador eta Sara Azurza —ahotsak—, Julen Alonso —pianoa—, Ander Zulaika —bateria—, Arkaitz Miner —gitarra elektrikoa—, Ane Bastida —baxua— eta Mikel Markez —gitarra akustikoa—.

Grabaketak Elkar estudioetan egin zituzten Victor Sanchezekin, eta toki berean nahastu eta masterizatu zen abestia. 

Hauek dira kantuaren hitzak:

Printzesa eder, printzipe guapo
Mari errauskin edota zapo
naranja erdirik ez zazu bila;
zeu osoa zarelako.
Zeure begiez bizi, eta ez
besteen begientzako 
-egin dorretxetik salto-
Aske bazara ez duzulako 
askatzailerik beharko. 

Konplexuz gizen ta pixuz lumak
besteentzako panpin kuttunak
izan gaitezen agintzen digu 
sarritan gure garunak.
Izan gaitezke haundi zein txiki,
azkarrak edo tuntunak, 
braketdunak, barredunak….
Erakargarri egiten gaitu 
gure berezitasunak.

Bizitzak dauzka hainbat zutabe
pozak, tristurak ta dudak daude.
Dena aldatzen da, ta soilik gara
geure buruaren jabe.
Ate bat itxi eta beste bat 
zabaltzen da parez pare;
lotu ta askatu xuabe.
Edonor gabe bizi gintezke 
eta edonor gu gabe.

Gaurrak puskatzen du iragana
eta egunak gaua darama
eta hasten den bezain natural
bukatzen da harremana.
Ez zazu pasa bizitza osoa 
begiratuz besteengana;
bila zazu zeugan barna
zeu zara zeure zorionean
eragin gehien daukana.

Jardin haundi bat duten etxeak
asko balio duten kotxeak
bikote beti irrifartsuak
instagrameko poseak….
Askatasuna ematen digu 
topikoak birrintzeak 
inperfektu sentitzeak
ipuinetan bakarrik daude
printzesak eta printzeak.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!