Orion bi positibo detektatu dituzte azken zazpi egunetan, eta Aian bat ere ez

Juan Luis Romatet - IƱigo Gaiton 2021ko mar. 5a, 14:26

Osakidetzak ez du positiborik atzeman Orion eta Aian azken orduetan. Hirugarren olatua apaldu dela baieztatzen dute bi herrietan azken astean izandako datuek.

Eusko Jaurlaritzak eguneratu ditu izurritearen gaineko datuak, eta horien arabera, Aian eta Orion ez da positiborik izan azken orduetan. Hala, Oriok gaur gaurkoz 179,39ko intzidentzia tasa dauka, eta ondorioz, herriak eremu horian jarraitzen du. Aiaren kasuan, 201,51koa da intzidentzia tasa. Azken asteko datuak onak izan dira bi herrietan, eta grafikoan ikus daitekeen modura, hirugarren olatua asko moteldu dela konfirmatzen dute zenbakiek.

Eskualdeari dagokionez, Osasun Sailak sei kasu baieztatu zituen atzo Urola Kostan, bezperan izandakoen erdia, hain zuzen. Kasuen erdia, hiru, Zarautzen zenbatu zituzten atzo. Zazpi positibo izan dituzte eskualdeko herririk handienean zazpi eguneko epean. 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako intzidentzia tasa ehunetik behera dute Zarautzen: 98,51.

Beste hiru kasuak Zestoan –bi– eta Azpeitian –bat– izan ziren atzo. Zestoako kasu metatuen tasa 616,33koa da, eskualdeko altuena; Azpeitian, aldiz, 223,39ko tasa dute gaur gaurkoz. Eskualdeko beste zortzi herrietan ez zen positiborik zenbatu atzo. 

Hego Euskal Herriari dagokionez, atzoko bezperako kopuruak errepikatu ziren: 393 positibo izan ziren; 67 Araban, 163 Bizkaian, 88 Gipuzkoan eta 70 Nafarroan. Hauei beste lurralde batzuetako herritarren bost positiboak gehitu behar zaizkie.

Beste 56 ospitaleratu izan ziren atzo Osakidetzako erietxeetan (bezperan baino 11 gehiago), eta ZIUko unitateetan 118 lagun zeuden atzo, bezperan baino sei gutxiago.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!