Positibo bana izan da Orion eta Aian azken orduetan

Amaia Urbieta Arruti 2021ko mar. 9a, 13:54

Behera egiten jarraitzen dute orokorrean egunez egun atzematen diren koronabirus kasu berriek, baina Orion eta Aian positiboak izan dira atzo egindako probetan. 

Positibo bakan batzu soilik atzeman zituen atzokoan Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eskualdeko herri gehienetan. Orion eta Aian izan ziren horietako bi. Aiaren kasuan, azken egunetan detektatutako lehen kasua izan zen atzokoa, beraz, 102,80tik 151,13ra igo da intzidentzia tasa herrian.Orion ere igo egin da apur bat: 130,46tik 146,77ra, hain zuzen ere. 

Urola Kostan sei izan ziren denera, eta horien erdiak Zarautzen atzeman zituzten. Atzokoaren aldean, apur bat gora egin du azken datuekin herri horretako 100.000 biztanleko 14 eguneko tasak: 94,23koa zen atzo, eta 102,80koa da gaur. Azken astean, orotara, hamabi kasu berri zenbatu dituzte eskualdeko herririk handienean. Azpeitian mantendu egin da intzidentzia tasa azken orduetan positibo bat izan arren eta, atzo bezala, 151,12koa da gaur. Eskualdeko gainontzeko herrietan ez zuten koronabirus kasu berririk zenbatu atzo, beraz, intzidentzia tasak behera edo mantentzera egin du herri horietan. Une honetan, Azkoitia da 5.000 biztanletik gorako herrietan intzidentzia tasarik baxuena daukan herria: 83,45.

Positibotasun tasa txikia

Atzokoan 10.362 proba diagnostiko egin zituzten Osakidetzak eta Osasunbideak, eta denera 384 positibo atzeman zituzten. Horietako 172 Bizkaian zenbatu zituzten, 101 Araban, 58 Gipuzkoan eta 50 Nafarroan. Lurralde horietatik kanpo bizi diren beste hiru lagunek ere eman zuten positibo. Datuak onak dira, izan ere, %3,9koa da positibotasun tasa Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta %2,9koa Nafarroan. 

Ospitaleetako egoerak ez du horen modu nabarmenean egiten hobera, baina apurka-apurka, apaltzen ari da koronabirusak erietxeetan duen eragina ere. Atzo 50 ospitaleratze berri egon ziren Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako erietxeetan, eta denera 255 lagun daude ospitaleratuta koronabirusagatik hiru lurralde horietan. Zainketa Intentsiboen Unitateari dagokionez, 113 pertsona daude bertan, atzo baino bost gutxiago

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!