Ez dute positibo berririk atzeman azken orduetan

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2021ko mar. 12a, 14:12

Azken astean, bi kasu zenbatu dituzte Aian eta sei Orion.

Atzo egindako PCR eta antigeno proben emaitzak kaleratu ditu Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak. Urola Kostan hamasei emaitza positibo izan dira, duela astebete baino hamar gehiago. Dena den, Orion eta Aian ez dute kasu berririk atzeman, eta azken hilabeteetako daturik onenak markatzen ari dira bi herriak, azken astean bi kasu bakarrik zenbatu dituztelako Aian eta sei Orion; hala, gaur gaurkoz, 100.000 biztanleko hamalau eguneko tasa 130ekoa da Orion eta 100 ingurukoa Aian. 

Azken hilabeteetako datuei erreparatuz gero, grafikoan argi ikus daiteke hirugarren olatuaren ondorioak baretu direla bi herrietan. Urtarrilaren amaieran nabarmen igo zen kutsatu kopurua Orion nahiz Aian, baina otsailak aurrera egin ahala egoera egonkortzen joan zen, eta kasu bakan batzuk izan dira azken asteetan.

Urola Kostan 16 positibo

Osakidetzak emandako datuen arabera, atzo Zarautzen bederatzi kasu positibo detektatu zituzten, herenegun bezainbeste. Azken zazpi egunetan gora egin du herri horretan atzemandako kasuen kopuruak, baita 100.000 biztanleko hamalau eguneko tasak ere: 98,51koa zen aurreko ostiralean, eta 171,33koa da gaur.

Azkoitian, Azpeitian eta Zumaian ere izan ziren emaitza positiboak atzokoan. Hain zuzen, hiru kasu baieztatu zituzten Azkoitian, eta bina Azpeitian eta Zumaian. Zarautzek bezala, eremu horian jarraitzen dute hiru herri horiek ere: intzidentzia tasa 83,45ekoa da Azkoitian, 210,25ekoa Azpeitian eta 101,76koa Zumaian. Eskualdeko udalerrien artean, Azpeitiak dauka kasu metatuen tasarik altuena.

Aizarnazabalen, Beizaman, Errezilen, Getarian eta Zestoan ez dute kasurik atzeman atzoko probetan.

COVID-19a atzemateko 9.198 proba egin zituzten atzo Hego Euskal Herrian. Aurreko astean baino 54 emaitza positibo gehiago izan ziren atzokoan, alegia, 447. Bizkaian 196 kasu zenbatu zituzten, Gipuzkoan 138, Nafarroan 67, Araban 44 eta, beste lurralde batzuetan, bi. Atzoko probetan, beraz, positibotasun tasa %5,2koa izan da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; Nafarroan, aldiz, %3,5ekoa.

Osakidetzako erietxeetan 230 lagun daude COVID-19ak jota, eta horietatik 41 atzo ospitaleratu zituzten. 95 dira Zainketa Intentsiboen Unitatean daudenak.